Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Adimen artifizialarekin garatutako gaztelania-euskara itzultzaile automatiko iraultzailea eskuragarri

2018.11.28-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

  • Azken belaunaldiko teknologia adimenduna du oinarri orain arteko euskarazko itzultzaile automatikorik onenak.
  • Tresna azkarra eta erabilerraza da, lau euskal zentro teknologikoren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta itzulpen enpresa baten arteko elkarlanaren emaitza.
  • Euskara zabaltzeko aukera emango du, eta Euskal Herriko enpresen eleaniztasunean eragingo du.

Donostian, 2018ko azaroaren 28an.

Gaurtik aurrera, euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpen automatikoko sistemarik onena eskura dauka euskal gizarteak: MODELA (www.modela.eus). Azkenaldian boladan dagoen adimen artifizialeko teknikarik berritzaileenean oinarrituta garatu dute: Sare Neuronaletako Itzulpen Automatikoa (NMT, Neural Machine Translation). “Orain arte hizkuntza nagusien arteko itzulpen-sistemetan erabili den teknika aurreratu hori euskarazko testuekin ere aplikatzeko modua aurkitu dugu”, adierazi dute Itziar Cortesek eta Igor Ellakuriak, Elhuyarreko eta MondragonLinguako Itzulpengintzarako Teknologien eta MODELAren arduradunek.

Itzulpen automatikoan aurrerapen garrantzitsuak egiten ari dira munduan, baina erronka teknologiko handia da oraindik ere. Bide horretan, euskarak lortu du mundu eleaniztunean tokia egitea, eta jauzi kualitatibo handia ekarri du MODELAk. Izan ere, orain arteko itzulpen automatikoko sistemetan, emaitzen kalitatea mugatzen zuten euskararen morfologia aberatsak eta bestelako ezaugarriek; aldiz, sare neuronaletan oinarritutako sistemetan, gainditu egin da muga hori, eta euskararen hizkuntza-teknologiak beste hizkuntzen pare jarri dira.

Sare neuronaletan oinarritutako itzultzaile automatikoek izugarrizko jariakortasuna eskaintzen dute, aurrez ezagutzen genituen sistemekin alderatuz. “Euskararen kasuan, inoiz ikusi ez diren kalitateko itzulpenak eskaintzen ditu MODELAk. Lehen aldiz, euskarazko itzultzaile automatiko baten erabilera praktikorako ateak ireki zaizkigu”, gehitu dute MODELAren arduradunek.

Euskal Herriko enpresetan euskara zabaltzeko aukera

Languneren merkatu-ikerketaren arabera, EAEko itzulpen-merkatua (publikoak eta pribatuak barne hartzen dituena) 40 milioi euro ingurukoa izan zen 2017an, eta, guztira, 500 milioi hitz itzuli ziren. Beraz, eragin handia izango du teknologiaren eta profesionalen garapenean; esaterako, MODELAk itzultzaileen produktibitatea handitzeko aukera eman dezake. Hala ere, ez dator itzultzaile profesionalak ordezkatzera, euskarazko eduki gehiago sortzen laguntzera baizik.

“Euskaraz bizi nahi duten pertsona eta erakundeetan ere eragin handia izango du; itzulpenen kalitateari esker, eguneroko komunikazioa (enpresen barne-komunikazioa, blogak, etab.) euskara hutsean bideratu ahal izango da”, diote Elhuyar eta MondragonLinguako arduradunek. Alegia, MODELAk lagunduko du erakundeetan euskararen idatzizko erabilera handitzen eta euskara normalizatzen, eta enpresek kalitateko tresna bat izango dute euskaraz komunikatzeko gai ez direnentzat. Modu horretara, erakunde barneko komunikazioa bermatuko da, bakoitzari bere hizkuntzan komunikatzeko aukera ematearekin batera.  

Aipatutakoaz gain, euskarazko kalitate handiko itzultzaile automatiko hau lagungarri izango da hizkuntza-teknologien garapenerako eta aplikazio berriak sortzeko, hala nola laguntzaile birtualak, testuen analisia, etab. Aplikazio horiek eragin handia izango dute sektore hauetan, besteak beste: osasuna, administrazio publikoa, fabrikazio aurreratua eta ikus-entzunezkoak.

Lau euskal zentro teknologikoren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta itzulpen enpresa baten arteko elkarlanaren emaitza

MODELA itzultzailea Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko zenbait agenteren arteko elkarlanari esker garatu da, eta Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk ELKARTEK ikerketa-programaren bidez bideratutako laguntzari esker gauzatu da. Hizkuntza-teknologien ikerketa eta garapenean jarduten diren euskal erakunderik esanguratsuenak bildu ditu proiektuak. Gainera, partzuergoak ikerketatik merkaturatzeraino doan kate guztia bete du, agente-mota desberdinen partaidetzarekin.

Alde batetik, itzulpen-teknologietan abangoardian dauden hiru erakundek (Vicomtech ikerketa-zentroak, Elhuyar Fundazioak eta UPV/EHUko Ixa taldeak) beren gain hartu dituzte proiektuaren garapen tekniko nagusiak, eta Ametzagaiña proiektuaren kudeaketa orokorraz arduratu da. Bestalde, ISEA arduratu da MondragonLingua eta Eleka Ingeniaritza Linguistikoarekin (Elhuyar Fundazioaren enpresa teknologikoa) elkarlanean proiektuaren emaitzak baliozkotzeaz eta merkaturatzeaz. Aipagarriak izan dira, halaber, Elhuyarrek, MondragonLinguak eta EiTBk itzultzaile automatikorako sistemak garatzeko ezinbestekoak diren datuak eta hizkuntza-edukiak biltzeko garaian egin dituzten ekarpenak. Azkenik, Elhuyarrek eta MondragonLinguak bat egin dute itzultzaile automatikoaren irismena handitzeko eta merkaturatzea bizkortzeko. 

Informazioa eta web-zerbitzua: www.modela.eus

Informazio gehiago:  i.kortabitarte@elhuyar.eus  /  688 860 706