Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegiko 6.500 definizio Wikidatan

2018.01.23-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Zer da zetonemia? Eta txoriandre pispoleta? Ba al dakizu zer den errabdomero bat? Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entzikloedikoko milaka sarreretako batzuk dira horiek;euskarazko terminoak beren gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainekin. EWKEk eta Elhuyar Fundazioak egindako akordioari esker, horietatik 6.500 dagoeneko igo dira Wikidatara. Deskribapen labur horiekin, onura handiak izango ditugu Wikipedian zein Elhuyarren, baina, batez ere, egunero termino espezializatuen esanahia bilatzen duten erabiltzaileak izango dira onuradun nagusiak.

Lizentzia librearekin argitaratutako hiztegia da ZT hiztegi berria. Adituek egina da, eta terminologiako puntako kontzeptuak jasotzen ditu; euskarazko terminoez eta definizioez gain, beste hizkuntza batzuetako terminoak ere ematen ditu. Milaka eta milaka kontzeptu dira, eta horietako asko ez zeuden jasota Euskarazko Wikipedian, edo ez zuten definiziorik Wikidatan. Arazo horri konponbidea eman nahi izan diogu, guztiontzat onuragarria den modu batez.

Wikidatako definizioak esaldi laburrak dira, termino bat identifikatzen laguntzen dutenak. Gaur egun mugikorreko bilaketatan agertzen diren definizioak dira, eta, zenbat eta gehiago egon, orduan eta zerbitzu gehiagok erabiliko dute euskarazko terminologia beren informazioa emateko. Bi kontzeptu jasotzen dira Wikidatan: hizkuntza bakoitzean nola esaten den (label) eta definizioa. Eta biak igotzeko aukera izan dugu Elhuyarrek propio garatu duen teknologiari esker.

Lehenengo 6.500 elementu hauek parekatze-sistema baten arabera egin dira: kontzeptua ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz bilatu eta Elhuyarrek zuen datu-basearekin parekatu ostean, ia ziurtzat eman genitzakeen definizioen kopuru bat eskaini digu. Gero, berrikusi egin dira horiek, eta Wikidatara igo. Orain, euskarazko askoz termino gehiago daude Wikipediaren sisteman, eta artikulu askotan euskarazko termino egokiak jar daitezke, adibidez.

Elhuyarrek, gainera, propietate berri batekin lotu ditu kontzeptu horiek guztiak. Hala, gure sisteman eskaintzen ditugun lau hizkuntzez gain, Wikipedian dauden beste 300 hizkuntzetako loturak sartzeko aukera dugu. Beraz, etorkizunean posible izango da, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez dauden kontzeptuez gain, arabieraz, errusieraz edo txineraz dauden milaka kontzepturen ordainak ere jasotzea euskaraz, esate baterako.

EWKEk eta Elhuyarrek egindako akordioaren lehen atala izan da hau, eta laster igoko dira definizio gehiago, berrikusi beharreko itemak aztertuta.