Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

HIZKUNTZA GUTXITUEN ERABILERA DIGITALARI BURUZKO INKESTAREN EMAITZAK SAREAN

2017.07.27-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Argitaratu berri dira 2016ko udan hizkuntza gutxituen erabilera digitala neurtzeko egin genuen inkestaren emaitzak. Hizkuntza-aniztasun digitalaren proiektuak (Digital Language Diversity Project) bultzatu zuen ikerketa, Europar Batasuneko lau hizkuntza gutxitu hauen behar digitalei buruzko informazioa biltzeko: euskara, bretoiera, kareliera eta sardiniera. Eta emaitzek argi erakusten dute hizkuntza horietako hiztunek beren bizitzako arlo guztietan beren hizkuntzan bizi nahi dutela.

Erantzun ikaragarria izan du inkestak, eta horrek argi erakusten du hizkuntza horien hiztunak konturatzen direla garapen digitala zer garrantzitsua izango den beren hizkuntzaren etorkizunerako, eta beren hizkuntzaren presentzia digitala lehenbailehen garatzea nahi dutela.

Inkestan, hiztunei galdetu zaie zenbateraino erabiltzen duten bere hizkuntza esparru digitalean une honetan —sare sozialak barne direla—, zer eskuratu dezaketen online bere hizkuntzan, eta zer ezin duten eskuratu. Emaitza nagusiak:

  • Hiztunek argi eta garbi adierazi dute bere hizkuntzak digitalki erabili nahi dituztela, arlo soziolinguistiko guztietan eta hizkuntza nagusiak erabiltzen diren xede guzti eta berberetarako.
  • Sare sozialek aukera paregabea eskaintzen dute hizkuntzak biziberritzeko esparru gisa, baina eremu soziolinguistiko hori oraindik mugatua da.
  • Hizkuntza horiek eremu publikoan gero eta gehiago erabiltzeko eskari nabarmena dago.
  • Hizkuntza gutxituen hiztunei babesa eta adorea eman behar zaie beren hizkuntzak digitalki erabiltzeko, eta nabarmendu eduki digitalaren sortzaile gisa garrantzi handia dutela.
  • Hizkuntza horietarako egiturazko laguntzarik ez egotea konpondu beharreko arazo larria da. Izan ere, hizkuntza horien garapen digitala ez da bideragarria aktibista eta boluntario gutxi batzuen lanaren mende baldin badago.

Inkestaren emaitzek ikuspegi xehatua eskainiko diete gobernuei, gizarte zibilari, hizkuntza-teknologien industriari eta arlo akademikoari, eskualde bakoitzeko erakundeek eta hizkuntza-komunitateak berak zer iritzi duten ezagutzeko eta beren hizkuntzak esparru digitalean nola garatu nahi dituzten jakiteko.

Horrez gain, inkestako datuak hizkuntza-aniztasun digitalaren mapa bat elikatzeko erabiliko dira; mapa horretan oinarrituz, agintari arau-egileek eta interes-taldeek aurrera egin ahal izango dute, hizkuntza-erakundeek eta gobernuek tresna digitalak eraginkortasunez garatu ahal izan ditzaten hizkuntza gutxituak eta galtzeko arriskuan dauden hizkuntzak biziberritzen laguntzeko. Aurreikusten da Europako hizkuntza gutxitu guztiak barne hartuko dituen proiektu zabalago bat garatzeko proiektu pilotu gisa balioko duela ikerketa honek.

DLDP proiektua EBko Erasmus Plus programaren babesean sortu da, eta Claudia Soria doktorea du buru (Hizkuntzalaritza Konputazionaleko Institutua, Consiglio Nazionale delle Ricerche, Pisa, Italia). DLDP proiektuak partaide hauek ditu: Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sarea (ELEN), Mainz-eko Unibertsitateko SNEB, Elhuyar euskal erakundea eta Karelieraren Elkartea. Prentsaurreko batean, Soria doktoreak hauxe adierazi zuen:

“Taldeko partaide guztiak liluratuta geratu dira inkestaren emaitzekin, eta oso pozik gaude izan duen erantzun ikaragarriarekin. Datuak aztertu ondoren, ziur gaude eragin handia izango duela hizkuntza txikituen garapen digitalerako plangintzak egiteko moduan. Lehenengoz, benetako informazioa dugu hizkuntza-komunitateak garapen digitalari eta dagoen eskaintzari dagokienez zer behar duen jakiteko.”

Informazio gehiago: Klara Ceberio Berger (k.ceberio@elhuyar.eus)
Txostena osorik (ingelesez), DLDPren webgunean
Euskarazko bertsioa laster egongo da prest