Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Kultura zientifikoa sustatzeko lanak eta proiektuak nabarmendu dira CAF-Elhuyar sarietan

2016.05.11-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Kultura zientifikoa sustatzeko lanak eta proiektuak nabarmendu dira  CAF-Elhuyar sarietan 

Xabier Artaetxebarria Artieda eta Antton Alberdi Estibaritz ikertzaileak, eta Edu Lartzaguren Urdangarin kazetaria izan dira sarituak.

Enrique Hurtado Mendietak, berriz, Txalaparta digitala eta interaktiboa proiektua garatzeko beka jaso du; eta Kepa Altonaga Sustatxarentzat izan da Merezimendu Saria.

Gaur izan da Caf-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia, Tabakalerako Kutxa Kultur gunean (Donostia). Hain zuzen ere, “Jarri txertoa kultura zientifikoaren alde” izan da aurtengo edizioaren leloa, eta, sari-banaketa Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan eginda, kultura zientifikoa kulturaren parte dela erakutsi dute.

Ezkerretik eskuinera: Antton Alberdi Estibaritz, Xabier Artaetxebarria Artieda, Enrique Hurtado Mendieta, Edu Lartzaguren Urdangarin, Kepa Altonaga Sustatxa

Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak argitara ematen dituzten artikuluak, kazetaritza-lanak eta gizarteratzeko proiektuak aitortzea eta bultzatzea du helburu sariketak. Hala, hauek izan dira aurtengo edizioan epaimahaikideek saritutako lanak, kategoriaren arabera:

Berez, dibulgazio-artikulu originalen kategoriak bi azpikategoria ditu, eta bakoitzean sarituak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura jasotzen ditu.

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Xabier Artaetxebarria Artiedak (Donostia, 1982) jaso du  “Zergatik gara onak?” artikuluarengatik.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Antton Alberdi Estibaritzek (Elgoibar, 1987) eskuratu du “Non hegoa, han zangoa: saguzar belarrihandi alpetarraren arrastoari jarraika” artikuluarengatik.       

Bestalde, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian, 2015ean euskaraz sortu eta argitaratutako lan bat saritzen da, 2.000 eurorekin eta Imanol Andonegiren eskulturarekin. Aurten Edu Lartzaguren Urdangarinek (Eibar, 1969), jaso du Berrian argitaratutako artikulu batengatik: “Behi eta berriz”.

Sariez gain, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eskaintzen dute Caf-Elhuyar sariek, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurtengoan  Enrique Hurtado Mendietak (Sodupe, 1973) jaso du Zientzia gizartean sorkuntza-beka, “Txalaparta digitala eta interaktiboa” proiektuarengatik.

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak Elhuyarren Merezimendu Saria ematen du. Haren bidez, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lana aitortzen du. Eta, aurten, Kepa Altonaga Sustatxa zoologo eta dibulgatzaileari ematea erabaki du.

Sari-banaketa ekitaldian, sarituak eta epaimahaikide batzuk ez ezik, Adrian Merino Estrella CAFeko Giza Baliabideetako Lan Harremanetarako arduraduna eta Euskara Batzordean zuzendaritzako ordezkaria, Jose M. Pitarke de La Torre  Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CIC nanoGUNEko zuzendari nagusia, Markel Olano Arrese Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Garikoitz Agote Alberro Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza zuzendaria, Jokin Azkue Arrastoa Euskara Sustatzeko zuzendaria (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saila), Amaia Eskisabel Alegria Zientzia Politikarako zuzendaria (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saila) eta Xabier Arregi Iparragirre Usurbilgo alkatea ere egon dira gonbidatuen artean. Horietaz gain unibertsitate alorreko hainbat ikertzaile ere izan dira gonbidatuen artean.

Hain zuzen, dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituen epaimahaia kide hauek osatu dute:

- Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia
- Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta  EHUko ikertzailea
- Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea
- Alberto Barandiaran Amillano, kazetaria eta HEKIMENeko zuzendaria
- Uxune Martinez Mazaga, Euskampus Fundazioko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna

Zientzia gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak, berriz, honako hauek epaitu dituzte:

- Garazi Andonegi Beristain, Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna
- Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologia Saileko zuzendaria
- Koldo Almandoz de La Cruz, zine-zuzendaria

Bukatzeko, hona hemen saritutako lanei buruzko xehetasun batzuk:

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria

- Izenburua: “Zergatik gara onak?”
- Egilea: Xabier Artaetxebarria Artieda (Donostia, 1982). Nafarroako Unibertsitatean Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi ostean, Iruñeko CIMA ikerketa zentroan egin zuen doktoretza-tesia. Utrecht eta Iowako unibertsitatean egonaldiak egin zituen tesian zehar. Doktoretza amaitu zuenetik CAF enpresako ikerketa departamentuan egiten du lan.

Artaetxebarriak artikuluan gogorarazten duenez, oihaneko legea krudelkeriarekin lotzen dugu; indartsuak ahula gupidarik gabe zapaltzen duela, alegia. Hala ere, azken hamarkadetan egindako ikerketek argi utzi dute naturan lehen uste zena baino zabalduago daudela portaera altruistak, bai espezie bereko norbanakoen artean eta baita espezie ezberdinen artean ere. “Baina hau ez al doa hautespen naturalaren aurka?”, galdetzen du Artaetxebarriak. Auzi horri modu egoki eta erakargarrian heldu diola iritzi dio epaimahaiak. 

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria

- Izenburua:  “Non hegoa, han zangoa: saguzar belarrihandi alpetarraren arrastoari jarraika”
- Egilea: Antton Alberdi Estibaritz (Elgoibar, 1987). EHUn Biologia ikasi ondoren, saguzar belarrihandi alpetarraren ekologiaren eta eboluzioaren inguruan egin zuen doktore-tesia (2014). Gaur egun, Kopenhageko Unibertsitatean (Danimarka) dihardu antzinako DNA erabiliz glaziazio osteko Europako saguzarren ekologiaren berreraiketa egiten, eta animaliak inguruneko aldaketetara egokitzean hesteetako mikroorganismoek duten eragina ikertzen.

Alberdi ere galderatik abiatu zen tesia egiten hasi zenean: “Zergatik dago saguzar hau, gainerako guztiak ez bezala, goi-mendiei lotua? Non gordetzen ote da animalia hori? Non ehizatzen ote du? Zer tenperatura jasan ote ditzake? Zer jaten ote du?”. Tesiaren bidez, galdera horiei erantzun zien, eta ikerketaren emaitzen berri eman du, hain zuzen, artikuluan. Epaimahaiaren iritziz, alderdi teknikoenak ere erraz azaldu ditu; gainera, erantsi irudiak guztiz lagungarriak eta aproposak dira.

Zientzia-kazetaritzaren arloko lanen saria

- Izenburua: “Behi eta berriz”
- Egilea: Edu Lartzaguren Urdangarin (Eibar, 1969). Ikus-entzunezkoen kazetaritza ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Irratian hasi zuen bere ibilbidea kazetari gisa. Ostiela! aldizkariko zuzendaritza-batzordeko kide izan zen, eta artikulu ugari argitaratu zituen agerkari hartan. Euskaldunon egunkarian lan egindakoa, Berrian ari da erredaktore-lanetan, haren sorreratik. Argia Saria jaso zuen 2013an, Berrian argitaraturiko elkarrizketengatik.

Berrian argitaratutako erreportaje batekin irabazi du saria Lartzagurenek. Epaimahaiaren ustez, izenburutik bertatik kateatzen du irakurlea. Erreportajea osatzeko, gainera, adituak elkarrizketatu ditu; horrek lanaren balioa areagotzen du. Hizkuntzaren aberastasuna eta erabilitako infografia eta maketazioa ere goraipatu ditu epaimahaiak.

Zientzia gizartean sorkuntza beka

- Izenburua: “Txalaparta digitala eta interaktiboa”
- Egilea:  Enrique Hurtado Mendieta (Sodupe, 1973). Arte Ederren lizentziatura EHUn egin ondoren, Design for Interactive Media masterra egin zuen Middlesex Unibertsitatean (Londres). Doktoretza, berriz, EHUn egin du, txalaparta digitala gai hartuta, hain zuzen. Hainbat sari irabazi ditu, Euskal Herrian zein nazioartean.

Epaimahaiaren esanean, Hurtadok aurkeztutako proiektua landua da, ondo zehaztuta dago, eta egingarria da. Txalapartan oinarrituta egoteak jendearengan interesa pitz lezakeela uste du, eta, gainera, aplikagarria da beste eremu batzuetan ere. Bestalde, teknologia librea erabiltzeak asko laguntzen du gizarteratzean; beraz, alde horretatik ere, guztiz bat dator bekaren helburu eta irizpideekin.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan.

Izaro Aizpurua Arkauz
Elhuyar
Tfnoa: 943 363040 luzp.: 313 / 615753534