
Aditu hizketa-ezagutzaileak asko erraztu du transkripzio- eta azpititulazio-lana, eta orain beste hobekuntza batzuk gehitu dizkiogu erabiltzaileei edizio-lana errazteko.
Soinu-uhina eta denbora-lerroa
Adituk automatikoki eginiko azpitituluak plataforman bertan editatzean, soinu-uhina eta denbora-lerroa ikusten dira orain. Horien bidez, azpitituluen hasiera- eta amaiera-denborak oso erraz alda daitezke saguarekin azpititulua laburtuz edo luzatuz, eta azpititulu osoa aurrera eta atzera ere mugitu daiteke, audioaren soinu-uhinera egokitzeko. Denbora-lerroaren eskala aldatu egin daiteke, zoom-eskalaren bidez.

Soinu-uhinaren gainean klik bat eginez gero saguarekin, erreprodukzioa geratu egingo da, eta, klik bikoitza eginez gero, berriz jarriko da martxan, saguaren posiziotik aurrera.
Soinu-uhinaren gainean mugitzeko, hiru aukera daude:
- Geziak: gezien teklak (← eta →) erabil daitezke soinu-uhinean aurrera eta atzera joateko. Maius + gezia sakatuz gero, jauzi handiagoak egingo ditu aurrera edo atzera.
- Sagua: saguarekin uhinaren gainean klik eginda ere mugi gaitezke uhinean ezkerrera edo eskuinera.
- Maius + saguaren gurpila: Maius sakatu eta saguaren gurpilari eraginda ere mugi gaitezke uhinean; ezkerrera joango gara gurpilari behera eginda, eta eskuinera gurpilari gora eginda.
Karaktere-kopuruak lerroko eta segundoko (CPL eta CPS)
Lerroko karaktere-kopuru maximoa (CPL) eta segundoko karaktere-kopuru maximoa (CPS) zehazteko aukera gehitu dugu. Kopuru horietatik pasatzen diren azpitituluak gorriz nabarmenduta agertzen dira.
Nahi izanez gero, azpititulu akastunak soilik bistaratu ditzakegu. Hala, CPLa gainditzen dutenak, CPSa gainditzen dutenak eta hutsik daudenak soilik agertuko zaizkigu pantailan, eta errazago zuzendu ahal izango ditugu.

Bilaketa aurreratua
Azpitituluetan bilaketak eta ordezkatzeak egiteko aukera gehitu dugu. Aukera hori bistaratzeko, aski da luparen gainean klik egitea edo Ktrl+H laster-tekla sakatzea.
Bilatutako testua duten azpitituluen ezkerraldean, Play botoia eta azpititulu-zenbakia gehitu ditugu, azpititulua entzuteko edo entzun gabe zuzenean azpititulu horretara joateko, hurrenez hurren.

Azpitituluen arteko tartea
Azpitituluen artean utzi beharreko tarte minimoa milisegundotan zehazteko aukera gehitu da. Horrela, azpitituluak ez dira bata besteari lotuegi bistaratuko.

Tabuladorea
Azpititulu batean gaudela tabuladorea sakatuz gero, azpititulu hori entzuten genuen orain arte. Hori ere aldatu egin dugu orain, eta Adituk aurrera jarraitzen du ondorengo azpituluak erreproduzitzen, harik eta tabuladorea berriro sakatzen dugun arte.
Espero dugu egin ditugun hobekuntzak baliagarriak izango zaizkizuela. Guk lanean jarraituko dugu bezerooi ahalik eta zerbitzurik onena emateko.