Aller au contenu principal

La traduction a été créée automatiquement (elia.eus)

 

Languages Lanean, jarraitzeko

 

Urtarrilaren 18an eta 19an izan zen, Bilboko Euskalduna jauregian, eta hizkuntza-kudeaketaren gakoen eta erronken inguruko esperientziak eta ezagutza partekatzeko eta eztabaidatzeko aukera izan genuen 500 lagunek baino gehiagok.


Honelako biltzar jendetsuetan, programa edo edukia oso garrantzitsuak dira, bertaratzen direnei zerbait interesgarria erakutsi eta eman behar zaielako, amaieran parte-hartzaileek zerbait erabilgarriarekin joan nahi dutelako; baina berriz ere egiaztatu ahal izan genuenez, edukia bezain garrantzitsua da elkartzeko ekintza bera, hau da, hizkuntzak lanean jorratzen ari garen hainbeste lagunek bat egitea leku eta une berean, indarrak biltzeko eta harremanak estutzeko.


Izan ere, bi egunotan, hizkuntzak eta lana mintzagai, ertz eta leku askotatik heldu genion gaiari, betiere non gauden eta gurea euskara dela aintzat harturik: esperientzia batzuk urrutitik etorri zitzaizkigun, eta beste batzuk oso gertutik; lege-babesaren alderdiari begiratu genion, baita hizkuntza-kudeaketaren gakoei eta arrazoiei ere; multinazionalen, kooperatiben eta enpresa txikien eta handien esperientziak ezagutu genituen… Gehiago edo gutxiago, denok jaso genituen ideia eta proposamen berriak, eta apuntatu ere bai, lantokira bueltatutakoan zerbait martxan jartzeko edo probatzeko asmo sendoarekin. Baina orain arte egindakoari ez ezik, etorkizunari ere begiratu genion, ikuspegi askotatik: pertsonak, baliabideak, sektore publikoa eta pribatua, hizkuntza-teknologia, nazioartekotzea, hezkuntza, zerbitzu-kalitatea… Aspaldikoa da “Aurreak erakusten du nola dantzatu atzea” esaera, eta garbi geratu zen jende askok daukagula dantzatzen jarraitzeko asmoa, badagoela lanean jarraitzeko borondatea eta gogoa.


Baina eduki horiez guztiez gain, Kongresuko bi egunak oraindik gogoan, konturatu ginen urte hauetan guztietan lagun asko aritu garela lanean eta bidelagun asko izan ditugula gure proiektuetan, eta gurekin hasi ziren batzuek bakarka ere bide luze eta oparoa egin dutela. Batekin eta bestearekin hizketan, jabetu ginen eta egiaztatu genuen komunitate aberats, askotariko eta dinamiko bateko kide garela: han geunden, elkarrekin, euskara lan-hizkuntza izatea erabaki zuten eta lortu ere lortu duten zorioneko batzuk; han zeuden, baita ere, pausoz pauso horretarako urratsak egiten ari direnak; han zen, halaber, hasiberriren bat, ilusioz beterik; eta izango ziren, seguru asko, Kongresuan ikusi eta entzundakoak barrenean zerbait piztu edo biziarazi eta etorkizunean zerbait egiteko asmo sendoa hartu zutenak.


Kongresuko edukiei eta partaideei begiratuta, pozik eta gustura egoteko moduan gaude, baina ezin gara lo geratu iraganari eta egindako guztiari begira, baditugulako erronka potoloak aurrealdean, batzuk geuk jarriak edo sortuak, beste batzuk halabeharrez etorriko zaizkigunak: lan-mundu osoan zabaltzea euskara, gero eta gehiago izatea horretan ari garenak edo hori nahi dugunak, globalizazioak eta nazioartekotzeak dakartzaten arriskuak eta aukerak, teknologia berriek eta adimen artifizialak ahalbidetuko dituztenak… 


Hizkuntzak lanean izan genituen mintzagai, eta lanean jarraitzeko asmoa daukagu.