Pasar al contenido principal

 

AGENDA

Urtarrila
50_URTEURRENA

IRUDIA ETA LELOAREN AURKEZPENA: Elhuyar, 50 urte aurrerago

Eguna: urtarrilak 27

Mende-erdia bete duela ospatzeko, hainbat ekimen egingo ditu Elhuyarrek urtean zehar “Elhuyar, 50 urte aurrerago” lelopean. Mezu honekin batera, ospakizunerako sortu den irudia erabiliko da. Ekimen guztiei lotura emango dien beste elementua Elhuyar 50 kutxa izango da. Kutxa horretan, urtean zehar egindako ekimenen hainbat lekukotza, objektu eta ohar gordeko dira: zientzia-aurkikuntzak, gizarte-gogoetak, klima, pandemia, euskal gizarteko eta mundu zabaleko berriak, artelanak… Gure herriaren eta garai honen lekukotza bat, 2072ko herritarrentzat. 

Urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi diseinatzen eta antolatzen ari da Elhuyar, bere lan-esparru guztiekin lotura izango dutenak. Hauek, besteak beste: euskararen erabilera arlo sozialean eta lan-munduan; gazteen artean zientzia sustatzea, Zientzia Azokaren hamargarren urteurrenaren baitan; adimen artifizialaren erronkak hizpide izango dituzten jarduerak; itzulpengintza eta teknologiaren arteko lotura; berdintasuna eta eraldaketa soziala; EHUko eta UEUko uda-ikastaroetan parte hartzea; ikus-entzunezkoak, telebista eta irratsaio bereziak, Elhuyar aldizkariaren ale berezia…

Ekitaldi nagusia, nolanahi ere, azaroan izango da, eta jai-giroko ikuskizun batekin ospatuko dugu, Elhuyarren komunitatea osatzen dugun kide, lankide, bazkide, harpidedun, babesle, eta bestelako laguntzaileekin eta euskal gizarteko eragile eta ordezkariekin batera. Ekitaldi hori baliatuko da 50 urte atzera zein aurrera egiteko.
 


 


Martxoa
Kartela_01

SOLASALDIA: 50 urte aurrerago euskaraz bizitzeko hautua

Eguna: martxoak 31, osteguna  Lekua: Iruñeko Katakraken  Ordua: 18:30ean

Gazte asko bizi dira euskaraz egunerokoan. Euskaraz bizi, lan, gozatu, jolastu, militatu edota parrandan aritzen dira. Lau gazteren ahotsetik, gazte horiek euskaraz nola bizi diren, euskara nola bizi duten entzungo dugu, zer aukera dituzten, zer            erronka dituen euskarak haien arloan. Euskara hizkuntza bizia dela erakutsiko digute gazteok. 50 urte aurrerago ere euskaraz bizitzeko hautua egiteko bidea emango digute.

Parte-hartzaileak:

  • Amets Aranguren (Iruñea, Nafarroa). Ibil Bedi musika taldeko abeslaria. Saxofoi Goi Mailako ikasketak egin ditu. 
  • Begoña Garaikoetxea  (Iruñea, Nafarroa). Gaztealdiko partaidea. Irakasletza-ikasketak egiten ari da. 
  • Maitane Junguitu (Gasteiz, Araba). Gizarte-komunikazioan doktorea. EHUko irakasle eta ikerlaria. Gamerra. Game Erauntsia bideo-jokoak eta euskara uztartzen  dituen elkarteko kidea. 
  • Unai Dufur (Iruñea, Nafarroa). Osasuna Promesaseko jokalaria. Aurtengo denboraldian lehen taldeko dinamikan aritu da lanean, eta partida bat baino gehiago jokatu du haiekin. 

Apirila
CAF-Elhuyar sariketa_MARKOAREKIN

CAF-ELHUYAR SARIKETA

HITZALDIAK: Lau arlotako 4 zientzialari gazte 50 urte aurrera begira jarri dira, eurek jorratzen dituzten gaiak aztertuz.

Eguna: apirilak 27, asteazkena Lekua: Donostiako Tabakaleran Ordua: 17:00etan

Parte-hartzaileak:

  • Itziar  Irakulis Loitxate. Sateliteak eta ingurumena
  • Maia Garcia Vergniory. Materialak eta fisika
  • Gorka Azkune Galparsoro. Adimen artifiziala eta konputazioa
  • Izortze Santin Gomeze. Osasuna eta medikuntza

SARI-BANAKETA:  “Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak” 

Eguna: apirilak 27, asteazkena Lekua: Donostiako Tabakaleran Ordua: 18:30ean

Kultura zientifikoa sustatzea da CAF-Elhuyar sariketaren helburua, eta gai zientifiko eta teknologikoak gizarteratzen dituzten dibulgatzaile, ikertzaile eta sortzaileen lana aitortzen eta saritzen du. Kategoriak:

  • Dibulgazio-artikulu orokorra 
  • Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua
  • Zientzia-kazetaritza 
  • Neiker saria
  • Sorkuntza-beka 

Maiatza
Kartela_01

AURKEZPENA: Orai NLP Teknologiak, Adimen artifizialeko langune berria

Eguna: maiatzak 25, asteazkena  Lekua: Donostiako Kursaalen  Ordua: 11:00etan

Lengoaia naturalaren prozesamenduko (NLP)  goi-mailako ikerketan eta soluzio teknologiko adimendunetan espezializatuko langune berri bat aurkeztuko dugu, gure industriaren eta enpresen zerbitzura egongo dena.

Parte-hartzaileak:

  • Jon Abril Olaetxea. Elhuyar koordinatzaile nagusia.
  • Josu Aztiria Urtaran. Orai NLP Teknologiak koordinatzailea 

Haiekin batera, Ulma, Elhuyar, GNOSS eta Tecnaliako ordezkariak izango dira, eta NLP teknologiek beren arloan eragiten dituzten onurak azalduko dituzte.


Ekaina
Kartela_01

ELHUYAR ZIENTZIA AZOKA: 10. edizioa

Eguna: ekainak 2,3,4 eta 5  Lekua: Bilboko Areatzan  Ordua: egun osoa

Azoka 4 egunetan banatuko da, eta egunero 12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako 200 STEAM proiektu erakutsiko dituzte. Horrez gain, zientzia-ginkana, esperimentu likatsuak, Matriuska antzezlana eta Adrenalina zientzia-ikuskizuna izango dira, besteak beste. Igandean, berriz, Bizilabe aisialdi tailerretan landutako proiektuak erakutsiko dira. Egitarau osoa.

Sari-banaketari dagokionez, aurten estreinakoz sariak egunero banatuko dira, gazteei etxoletan bertan emango zaie dagokien saria, eta haien berri Elhuyarren sare sozialetan emango da. Jasoko dituzten sariak honako hauek dira: ikerketa-enpresetan egiteko egonaldiak, ikasketa-bekak eta estatuko zein nazioarteko azoketarako bidaiak.

Elhuyar Zientzia Azokan, gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartuko dute. Eta azpimarratzekoa da proiektu honekin izan duten konpromisoa; unibertsitate eta zentro teknologikoetako 218 ikertzailek (199 emakume) eman zuten izena ikasturte-hasieran ikasleekin lan egiteko. Horrez gain, eta horri jarraikiz, azpimarratzekoa da ikertzaileen eremu profesionalaren presentzia azokan bertan; horrela, unibertsitateen proiektuak erakusteko, ikertzaile hauek egon dira Areatzan: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, CFM-Polymat, TECNALIA eta BC Materials.


 


Ekaina / Uztaila
Kartela_01

UDAKO IKASTAROAK: UEU 

EKAINA: Zientziaren balioak egia-ostearen garaietan

Eguna: ekainak 27, astelehena  Lekua: Iruñeko Katakraken  Ordua: 10:00etan

Egia-ostearen garaian bizi gara, emozioak eta sentimenduak egiari eta ebidentzia zientifikoari gailendu zaizkion aldi batean. Pandemian are nabarmenago geratu da hori. Baina, zer ekarpen egin diezaioke zientziak aldi honi? Zer leku eman behar diogu zientziari garai berri honetan? Zer paper jokatu behar dute hedabideek? Eta sare sozialek zer eragin dute honetan guztian? Filosofiaren, zientziaren eta kazetaritzaren ikuspegitik helduko diogu gaiari.

Egitaraua eta izen-ematea 

UZTAILA: Informatikari Euskaldunen XII. Bilkura: Adimen Artifiziala.

Eguna: uztailak 1, ostirala  Lekua: Donostiako Maria Barriola zentruan  Ordua: 9:00etan

Gaiak ertz ugari dauzka eta bilkura gune egokia izan daiteke horiek erakutsi eta eztabaidatzeko: Adimen Artifizialaren garapena eta egungo erronkak, erakundeen eta industriaren estrategiak eta aplikazio nabarmenenak, hezkuntzan eta ingurugiroan dauzkan inplikazioak, algoritmoen etika, datuen pribatutasuna eta beste hainbat.

IEB informatikari euskaldunen elkargune ere badenez, komunikazioen tartean, azken aldian izan diren esperientzia eta aplikazio interesgarrien berri emango dute egitasmoen arduradunek.

Egitaraua eta izen-ematea 


Uztaila
Kartela_01

UDAKO IKASTAROAK: UIK

IKASTAROA: 50 urte aurrerago, guretik erantzunez

Eguna: uztailak 5, asteartea / uztailak 6, asteazkena Lekua: Donostiako Miramar Jauregia  Ordua: 9:00etan

Bizi dugun eraldaketa-garaiak erantzun propio bat bilatzea eskatzen digu. Uda Ikastaro honen bidez, horixe bilatu nahi dugu: guretik sortutako erantzun bat. Zer erronka ditugu adimen artifizialaren eta zientziaren eremuetan herri gisa? Gureak eta gurea bezalako beste komunitate txikiek zer paper joka dezakete mundu globalizatu honetan? Zerk egiten gaitu desberdin, eta zer sustatu beharko genuke? Ikastaroa bi egunekoa izango da, eta gai hauek izango ditugu hizpide: burujabetza teknologikoa, teknologia etikoak, zientzia-hezkuntza, zientziaren komunikazioa, bioetika…

Egitaraua eta izen-ematea 

 


Iraila
Kartela_jardunaldia_01

JARDUNALDIA: Hizkuntza-teknologiek euskaraz lan egiteko eskaintzen dizkiguten aukerak

Eguna: irailak 30, ostirala  Lekua: Elhuyarren egoitzan Usurbilen  Ordua: 9:30ean

Elhuyarrek mende-erdia bete duela ospatzeko, hainbat ekimen antolatu ditugu aurten "Elhuyar, 50 urte aurrerago" lelopean. Horietako bat da irailaren 30ean gure bezeroentzako prestatu dugun saioa, lan-munduan euskararen erabilera sustatzeko erremintak emateko asmoz. Elhuyarreko hizkuntza-teknologiak oso erabilgarriak dira euskara-planetarako, eta aukera horiek partekatu nahi ditugu gurekin lanean ari diren erakunde eta entitateekin.