Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Informazio eta ezagutzaren kudeaketa

Teknologia

Informazio eta ezagutzaren kudeaketa

Aro digital eta globalizatua aurrera doala, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da informazioa eta haren kudeaketa. Gaur egun, informazio ugari dago denon eskura. Internet da fenomeno horren adibide nabarmena. Elhuyarrek hainbat tresna sortu ditu informazio eta ezagutza egoki kudeatzen laguntzeko.


Bilatzaile semantiko eleaniztuna

Webean gero eta informazio gehiago dago eskuragarri, eta hainbat hizkuntzatan gainera. Erabiltzaile gehienok, informazioa bilatzen dugunean, dakizkigun hizkuntzetatik hedatuena erabiltzera jotzen dugu, beste hizkuntzetako edukiak zokoratuta, eta, horren ondorioz, informazio eskasagoa lortzen dugu.

Egoera horren aurrean, galdera hau egiten dugu Elhuyarren: erabiltzaile batek ez al luke informazio aberatsagoa lortuko, baldin eta bilaketa baten emaitzak berak dakizkien hizkuntza guztietan jasoko balitu? Ez al luke informazioa erosoago berreskuratuko kontsultak bere ama-hizkuntzan egingo balitu? Bada, zenbait ikerketatan frogatu dute erabiltzaileak erosoago sentitzen direla informazioa eskuratzeko prozesuak bere ama-hizkuntzan eginez gero. Horretaz gain, elebitasuna ez da fenomeno bakartu bat: Europan, adibidez, populazioaren erdia elebiduna da. Alde horretatik, gure bilatzaile semantiko eleaniztunari esker, erabiltzaile askok, bere ama-hizkuntzatik abiatuta, menderatzen dituzten hizkuntzetan idatzita dauden edukiak eskuratu ahal izango dituzte.


Nabigazio semantiko eleaniztuna

Dokumentuen gaineko nabigazioa hobetzeko, nabigazio semantiko eleaniztuna proposatzen dugu. Modu horretan, erabiltzaileari (informazioaren kontsumitzaileari) informazio osagarria eskainiko genioke. Garatu dugun sistema gai da webeko dokumentuen arteko lotura semantikoak identifikatzeko. Hala, lotura horien araberako nabigazio aberatsa eskaintzen du, ezagutza eskuratzea erraztuko duena. Sistema honek globalizaziori dagokion beste arazo bati ere aurre egiten dio: eleaniztasunari. Azken finean, ezagutza eta informazioa hizkuntza anitzetan egon daiteke islatuta. Hori dela eta, estaldura handiko ezagutza eskuratu nahi izanez gero, beharrezkoa da zenbait hizkuntza lantzen dituen nabigazio-sistema bat.


Lehiatzeko zaintza

Gero eta nabarmenago da enpresek behar bat dutela: produktibitateari eusteko, edo areagotzeko, berrikuntza-prozesuak errazteko tresnak behar dituzte. Gaur egun, ezinbestean, webera jo behar dute ezagutza edo baliabide horiek lortzeko, hura baita munduko informazio-biltegirik handiena. Funtzio horiek betetzen dituzten tresnak, hots, webetik abiatuta ezagutza eta informazioa eskuratzen dituzten tresnak, “lehiaren zaintza”, “zaintza teknologikoa” edo “clipping” terminoen bidez izendatzen dira.

Behar hori asetzen duen plataforma eraginkorra sortu du Elhuyarrek, hizkera naturala prozesatzen duten teknikak aplikatuz eta webaren izaera eleaniztuna aintzat hartuz.


Ospearen kudeaketa

Web 2.0 kontzeptua sortu zenetik, milioika erabiltzaileren iritziak aurkitu daitezke Interneten askotariko gaien, produktuen, erakundeen eta pertsonen inguruan. Web 2.0 kontzeptuak paradigma-aldaketa eragin zuen informazioaren fluxuari dagokionez. Erabiltzaileek hartzaile huts izateari utzi zioten, eduki-sortzaile bilakatzeko. Eduki horietan haien balorazioak eta iritziak jasota gelditzen dira, gainera. Oro har, iritzi gehienak sakabanatuta daude webeko testu-edukietan.

Elhuyarrek ospea edo marka kudeatzeko tresna sortu du: automatikoki jasotzen eta antolatzen ditu erabiltzaileak eskatutako ítem-arekin lotura duten edukiak. Ahalik eta laburpen xeheena lortzeko asmoz, plataformak hainbat iturritara jotzen du eta hainbat hizkuntzatan lan egiteko gai da.