Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Hizkuntza-baliabideak

Teknologia

Hizkuntza-baliabideak

Erakundeek dituzten hizkuntza-baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzeko gai gara, garatu ditugun teknologiei, barneratu dugun jakintzari eta metatu dugun esperientziari esker. Hizkuntza-baliabideetan ez ezik, hezkuntzaren eta zientzia eta teknologiaren alorreko edukien eta baliabideen kudeaketan ere esperientzia handia metatu dugu.

Erakundeen hizkuntza-baliabideak (itzulpen-memoriak, glosarioak, dokumentuak…) benetako altxorra dira, eta baliabide horiek euskarrietara egokitzen laguntzen diegu erakundeei, bezero, langile edo herritarren esku jar ditzaten. Horren adibide dira, batetik, garatzen ditugun kontsulta- eta web-aplikazioak, eta, bestetik, euskarri eta plataforma berrietara edukiak egokitzeko eskaintzen ditugun soluzioak.


Kontsulta- eta web-aplikazioak

Hizkuntza-eduki eta -baliabideak zure publikoaren eskura jartzeko modu eraginkorra da eduki horiek kontsultatzeko web-aplikazioak sortzea. Web-aplikazioek edukia kontsumitzeko eta kontsultatzeko aukera paregabeak eskaintzen dituzte, eta are gehiago hizkuntza-teknologien laguntzarekin badatoz.

Lan ugari egin ditugu esparru honetan; batetik, Elhuyarren hizkuntza-baliabideak kontsultatzeko web-aplikazioak sortuz, eta, bestetik, bezero eta erakunde jakinei egokitutako neurrirako web-aplikazioak inplementatuz.


Entitateen erauzketa: Entigarbi

Testuetatik kendu beharreko entitate-izenak automatikoki detektatzeko aplikazio bat da, lan hori guztia eskuz ez egin behar izateko. Sistemak entitate-izen asko detektatzen du, eta, gero, erabiltzaileak modu erraz batean egiaztatu ditzake izen horiek, interfaze baten bidez.

Entigarbi soluzio aproposa da, esate baterako, administrazioen itzulpen-memoriak publiko egin nahi izanez gero entitate-izenak ezabatzeko, itzultzen diren dokumentuetan informazio konprometitua ere izaten baita.

Esate baterako, ‘entitate’ esaten zen ‘entitate-izen’ behar duen lekuan, eta ‘ezabatzeko’ detektatzen direla ez zen esaten azken lerrora arte. 


Terminologiaren erauzketa: Itzulterm eta Erauzterm

Itzulterm web-zerbitzuaren bitartez, itzulpen-memorietan erabili den lexiko elebiduna erraz erauzteko aukera ematen dugu, eta, horrela, itzulpen-memoriei etekin handiagoa atera dakieke.

Hiru urrats ditu prozesu horrek:

  • Erauzketa automatikoa. ItzulTerm-ek automatikoki erauzten ditu termino-bikoteak, teknika linguistikoen eta estatistikoen bidez.
  • Eskuzko lanketa. ItzulTerm-ek bere proposamenak lantzeko aukera eskaintzen dizu: baliozkotzat jotzeko edo baztertzeko aukera, emaitzak editatzeko aukera aurreratuak...
  • Esportazioa. Baliozkotzat jo dituzun termino-bikoteak deskargatu ditzakezu, zeure hiztegi elebiduna osatzeko.

Elhuyarren hiztegi-proiektu eta terminologia-prozesuetan txertaturik dagoen tresna da ItzulTerm, eta asko lagundu hiztegigintza-prozesuen efizientzia handitzen.

Era berean, zure euskarazko testuen terminologia elebakarra ere erauz dezakegu Erauzterm tresnaren bidez; hainbat proiektu eta egitasmotan erabili da Erauzterm, hemen, adibidez: http://garaterm.ehu.es/garaterm_ataria/eu


Euskarri eta plataforma berrietara egokitutako soluzioak

Edukiak kontsumitzeko moduak aldatzen doaz etengabe, eta asko ugaritu dira. Beraz, oso garrantzitsua da, ahalik eta publiko zabalenera iristeko, norberaren hizkuntza-edukiak euskarri eta plataforma berrietan egotea.

Smartphone, tableta eta liburu elektronikoetara egokitzen ditugu organizazioen edukiak. Horren adibide, Elhuyarren edukiekin egin ditugun lanak, eta bestetik, hainbat bezerorentzako ere eman ditugun soluzioak.