CAF-Elhuyar sariketara lanak aurkezteko epea zabalik da
2021.01.21-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian
- Lanak aurkezteko epea otsailaren 12an amaituko da.
- Hiru kategoriak eta NEIKER sari bereziak osatzen dute sariketa.
- Aurten bi sorkuntza-beka emango dira: 5.000 euro bakoitzeko.
Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea du helburu CAF-Elhuyar sariketak. Ezagutza da txertoa da aurtengo goiburua, eta otsailaren 12a arte izango da lanak aurkezteko aukera, honako helbide honetan: cafelhuyarsariak.elhuyar.eus
Sariketa hiru kategoria hauek osatzen dute: dibulgazio-artikuluak, kazetaritza-lanak eta sorkuntza-beka. Azken kategoria horretan berrikuntza bat izango da aurten: bi sari emango dira, baten ordez. Gainerako kategoriek berdin jarraituko dute:
- Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria horien irabazleek 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko dituzte.
- Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura eskuratuko ditu irabazleak.
- Zientzia Gizartean sorkuntza-bekak. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuen egileek hura gauzatzeko 5.000 euroko diru-laguntza jasoko dute, baita eskultura ere.
(Aurreko urteetako lanak cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean daude ikusgai).
Azken urteetan egin den moduan, oraingoan ere, NEIKER sari berezia emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da, eta beste sariekin bateragarria da.
Sare-sozialetan partekatu edo mezu elektronikoz bidali