Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Abian dira CAF-Elhuyar sariak

2020.10.02-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

  • 2021eko edizioan bi sorkuntza-beka emango dira, eta lanak aurkezteko epea 2021eko otsailaren 12ra arte egongo da zabalik.
  • 2020ko edizioko sarituek gaur jaso dute Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura.
  • Gaur inauguratu da Fossil Plastics. Alegiazko enborrak erakusketa, 2019ko sorkuntza-beka irabazi zuen artistaren lana.

 

Abiatu da CAF-Elhuyar sariketaren edizio berria. Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea helburu duen sariketa. Ezagutza da txertoa da aurtengo leloa, eta berrikuntza batekin dator: bi sorkuntza-beka emango dira, baten ordez. Gainerako kategoriek berdin jarraituko dute.

  • Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria horien irabazleek 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko dituzte.
  • Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura eskuratuko ditu.
  • Zientzia Gizartean sorkuntza-bekak. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuen egileek hura gauzatzeko 5.000 euroko diru-laguntza jasoko dute, baita eskultura ere.

Azken urteetan egin den moduan, oraingoan ere, NEIKER sari berezia emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da, eta beste sariekin bateragarria da.

Lanak 2021eko otsailaren 12ra bitartean aurkez daitezke honako helbide honetan: cafelhuyarsariak.elhuyar.eus 

Fossil plastics. Alegiazko enborrak erakusketa

Gaur inauguratu da Fossil Plastics. Alegiazko enborrak erakusketa Donostiako Ernest Lluch Kultura Etxeko erakusketa-aretoan. Eta bertan egongo da ikusgai urriaren 31 arte.

Martin Etxauri Sainz de Murieta artista burlatarrak iaz irabazi zuen Zientzia Gizartean sorkuntza-beka, eta bertan jasotako sariarekin Fossil plastics. Alegiazko enborrak proiektua landu du. “Proiektu honek galdera bikoitza proposatzen du, fotogrametria bidez eskaneatu eta hiru dimentsiotan inprimatutako enbor-azalen bidez: hartuko ote dute plastiko-sedimentuek inoiz harrien papera fosilen sorkuntzan, egurraren lekua betez eta plastikoz osatutako enborren fosilak bilakatuz? Edo guk geuk, ariketa ergel kontraesankor batean, sortuko al ditugu halako plastikozko enborrak, jada existitzen ez diren zuhaitzen azalak gogoratzeko?” . Hitz horiekin laburbildu du artistak bere lana. 

Aurtengo edizioko sarituek, bestalde, gaur jaso dute Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian egin den ekitaldi xume batean. Sariak apirilean iragarri ziren, ohi bezala, baina, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, ez zuten eskultura jasotzerik izan, eta horretarako aukera eman du erakusketaren inaugurazioak.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero:

Irune Bengoetxea Lanberri

i.bengoetxea@elhuyar.eus

943 363 301 / 688 676 151