Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

#ElhuyarrenGomendioak: ekimen berri bat abian

2020.07.01-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Uztailaren 2tik aurrera, hiztegiak eguneratzeaz gainera, hizkuntza-gomendio batzuk ematen hasiko gara, #ElhuyarrenGomendioak izenarekin bataiatu dugun ekimenaren bitartez. Tartean-tartean, euskaraz ondo idazteko edo hitz egiteko irizpide edo gomendio bat zabalduko dugu sare sozialen bidez, eta hiztegiak.elhuyar.eus-en kontsultatu ahal izango dira zabaldutako gomendio guztiak batera.

COVID-19aren pandemia hasi zenetik, ahalegin berezia egin dugu horri buruz idatzi edo hitz egin behar zutenei terminologia eguneratua eskaintzeko, eta, egindako lanaren arrakastaren erakusgarri, % 38,4 egin dute gora gure hiztegietako kontsultek.

Askotan jasotzen ditugu hiztegi-kontsultak, iradokizunak, euskararen erabilera zuzenari buruzko galderak… hainbat bidetatik, eta saiatzen gara guztiei ahalik eta azkarren eta ondoen erantzuten, eskura ditugun baliabideak erabiliz.

Elhuyarrek bazkideen, bezeroen, bere baliabideen erabiltzaileen eta, oro har, euskaraz ari diren guztien zerbitzura lan egiten du, eta hainbat hizkuntza-baliabide jarri izan ditu euskal gizartearen eskura 1972an sortu zenetik: hiztegiak, zuzentzaile ortografiko eta gramatikalak, itzultzaile automatikoak, transkribatzaile automatikoak… Itzulpen- eta zuzenketa-zerbitzu profesional bat ere badu. Eta trebakuntza-saioak ematen ditugu han eta hemen, itzultzaileentzat eta euskaraz lan egiten duten bestelako profesionalentzat (kazetariak, irakasleak…).

Urte hauetan guztietan pilatutako esperientzia baliatuz, urrats bat aurrera egitea erabaki dugu orain, eta euskararen erabilera egokiarekin lotutako gomendioak emango ditugu.

Aurrerantzean, hemen irakurri ahal izango dituzue #ElhuyarrenGomendioak:

Twitter: @ElhuyarHizk

Facebook: @elhuyar.fundazioa

Elhuyarren hiztegien webgunea: #ElhuyarrenGomendioak

Interneten oro har: https://labur.eus/ElhuyarrenGomendioak