Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Elhuyarrek emaitza positiboekin amaitu zuen 2019a

2020.06.18-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

  • Argitaratu berri den txostenak urteko jarduna laburbiltzen du
  • Elhuyarren zuzendari-aldaketa eta itzultzaile automatikoa gizarteratzea, nabarmenen artean

Usurbilen, 2020ko ekainaren 18an

Elhuyarrek 2019 urteko txostena aurkeztu du, eta bertan ikus daiteke iazko urtea emankorra izan zela. Zuzendari-aldaketa da nabarmentzeko gakoetako bat, Leire Canciok zuzendaritza utzi, eta Jon Abrilek hartu baitzuen gidaritza iazko irailean. Proiektuen ikuspegitik, itzultzailea.eus Elhuyarren itzultzaile automatikoa gizarteratzea izan da mugarri nagusia. Hala ere, arlo guztietan, askotariko proiektuak garatu dira 2019an, 278 bezerorekin.

Hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren esparruan, bilaketa-sistema adimendun bat garatu da, Elhuyarrek sortutako informazio-bilaketarako teknologia baliatuz, EITBren Nahieran plataformaren edukien irisgarritasuna eta erabiltzaileen esperientzia hobetzeko. Bikoizketarako eta ikus-entzunezko ekoizpenetarako ahots adierazkorrak sortzeko BikoHITZ berrikuntza-proiektua jarri da martxan, beste hainbat proiekturekin batera. Estatu Batuetan ere izan du oihartzuna Elhuyarren lanak, Elhuyarrek eta EHUko IXA taldeak garatutako bilatzaile eleaniztuna saritu baitzuten NIST institutuak eta IARPA agentziak.

Euskararen arloan, Nafarroako Osasun Departamentuaren Hizkuntza Plana eta Laboral Kutxaren Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko prozesuak garatu dira, besteak beste. Euskaraldiari lotuta, 2020ko ariketaren probaldietan, aholkulari aritu da Elhuyar. 2018an hasitako bideari jarraituz, Euskaraldiak entitateetan taldekako konpromisoak bideratu nahi ditu aurten, eta horretarako metodologia eta materiala egokiak diren ikusteko probaldiak egin ziren; lan horretan, Elhuyar izan zuten bidelagun, zeinak urteetan hainbat entitatetan lan eginez eskuratu duen ezagutza eta esperientzia partekatu baititu. Hiztegiei dagokienez, ohi bezala, 2019an ere eguneratu eta edukiz hornitu dira, eta, horrez gain, mugikorretako aplikazioak berritu dira eta kontsulta-aukera gehiago jarri dira hiztegien webgunean.  

Berdintasuna eta Partaidetza atalean hainbat erakunderekin landutako proiektuez gain, administrazioekin egindako lanak dira aipagai. Hizkuntzaren eta generoaren arteko harremana ardatz hartuta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Hizkuntza eta Generoa batzordea sortu du, Elhuyarren laguntzarekin. Batzordearen helburua da hizkuntzaren eta generoaren arteko gurutzaketaren gaia landu duten aditu-arituak saretzea, orain arte egindako lana aztertu eta egituratzea, eta gaia gizarteratzea. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere hainbat proiektutan aritu da Elhuyar. Horietako bat izan da indarkeria matxistari aurre egiteko Gipuzkoako foru-plana garatzea, eta, bestea, partaidetzaren alorrekoa, Herritarren Partaidetzako Erakunde Arteko Espazioa dinamizatzea. Espazio horrek helburu du erakundeek beren esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko gune bat edo sare bat izatea.

Kultura zientifikoaren alorrean, ospakizun-urtea izan zen iazkoa. ETBko bi katetan emititzen den Teknopolis saioak 20. urteurrena ospatu zuen, eta CAF-Elhuyar sariek 25 urte bete zituzten. Ospakizunez gain, Passion for Knowledge jaialdiaren prentsa-bulegoaz arduratu zen Elhuyar. Jaialdian, 10.000 herritar bildu ziren; zazpi Nobel saridunek eta mundu mailako adituek parte hartu zuten, eta hitzaldiak eskaini zituzten Donostian, Bilbon eta Iruñean.

Gazteak eta hezkuntza uztartzen dituzten “Bizilabe” eta “Elhuyar Zientzia Azoka” proiektuak Euskal Herriko hainbat txokotara zabaltzen jarraitzen dute, parte-hartzaile kopurua handitzerekin batera. 2019an, guztira, 2.000 ikasle aritu ziren zientzia eta teknologia lantzen duten proiektu hauetan.

Emaitza ekonomikoari dagokionez, 4.765.845 €-ko negozio-bolumena izan zuen iaz Elhuyarrek, eta 106.181 €-ko emaitza garbia utzi. Sarreren % 66 produktu eta zerbitzuen salmentatik etorri zen; % 20, dirulaguntza lehiakorretatik, eta % 14, hitzarmen eta bazkidetzetatik.

Elhuyar Fundazioaren Patronatuaren bilkura, egoerak hala behartuta, modu telematikoan egin zen ekainaren 18an. Bertan, 2019ko urteko kontuak onartu ziren, fundazioaren jabego diren Elhuyar-Zubize eta Eleka sozietate mugatuen kontuak onartzearekin batera.

Elhuyarren patronatuko kide dira honako hauek: Txema Pitarke (lehendakaria), Eustakio Arrojeria, Jesus Ugalde, Jose Mari Rodriguez, Xanti Goñi, Josu Waliño, Imanol Telleria, Jabi Duoandikoetxea, Itziar Laka, Rafa Bañales, Leire Cancio, Arantza Diaz de Ilarraza (UPV-EHUko Ixa Taldea), Cristina Alberdi (Tecnalia), Leire Barañano (Neiker-Tecnalia), Agurtzane Solaberrieta (Usurbilgo Udala), Alberto Fernandez (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila), Amaia Esquisabel (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila) eta Miren Garbiñe Mendizabal (Gipuzkoako Foru Aldundia).

Hemen, urteko txostena ikusgai