Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

ON Zientzia sariketaren irabazleak Teknopolisen ezagutu dira

2020.06.17-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

DIPCk eta Elhuyarrek antolatzen duten ON Zientzia bideo-lehiaketaren 10. edizioko saridunen berri emateko ekitaldiak berezia izan behar zuen aurten, lehiaketaren lehen hamarkada ere ospatzeko. Ezohiko osasun-larrialdi egoerak mundu birtualera mugatu du ospakizuna, baina ekitaldia erakargarria izan da nolanahi ere: Teknopolis telebista-saioak programa berezia emititu du ON Zientzia lehiaketako saridunen berri eman eta egileak elkarrizketatzeko.

Mikropaleontologia galletekin, ur-tanta batek ezkutatzen dituen sekretuak, zientziari begirada berezia eta umorez betetako isuri kognitiboa izan dira aurtengo bideo irabazleak.

Covid-19aren krisiak sari-banaketaren ekitaldiari eragin badio ere, ez da halakorik gertatu lehiaketako parte-hartzearekin: inoiz baino lan gehiago jaso dira aurtengo edizioan, 89, eta bereziki nabarmentzekoa da erabateko genero-oreka egon dela parte-hartzaileen artean.

Hauek dira ON Zientziaren edizio honetako epaimahaia osatu duten kideak: Marian Iriarte, UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekanoa eta zientzia-dibulgatzailea; Onintze Salazar, Euskalmeteko fisikaria; Txema Muñoz, Euskadiko Filmategiko kidea eta Kimuak programaren arduraduna; Nora Gonzalez, Fisikan doktorea eta DIPCko komunikazio-arduraduna; eta Nagore Rementeria, Elhuyarreko kidea eta Teknopolis programako zuzendaria.

Saritutako bideoak eta Teknopolis programa berezia ON Zientzia lehiaketaren webgunean ikusgai daude: www.onzientzia.tv.