Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

PRENTSA-OHARRA: Aditu, Elhuyarren hizketa-ezagutzaile elebiduna, erabilgarri online

2020.03.12-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

                                    

 

  • Audio eta bideoak automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko lehen euskal plataforma.
  • Aurrez grabatutako fitxategiekin nahiz zuzenekoekin funtzionatzen du.
  • Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritua.
  • Doan proba daiteke aditu.eus webgunean.
  • Datuen pribatutasuna bermatzen du, eta malgua da bezeroaren beharretara egokitzeko.

Donostian, 2020ko martxoaren 12an

Elhuyarrek bere hizketa-ezagutzailea aurkeztu du gaur Donostian, Tabakaleran egin duen ekitaldian: Aditu.

Audio eta bideoak automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko plataforma bat da Aditu, Elhuyarreko I+Gko lantaldeko ikertzaileek garatua punta-puntako teknologia erabiliz.

Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko zuzendari nagusiak eta Igor Leturia Azkarate Aditu proiektuaren arduradunak eman dituzte azalpenak, gonbidatu eta kazetarien aurrean.

Jon Abrilek nabarmendu du erraldoi teknologikoen estrategia eta merkatu-interesetatik kanpora daude euskara bezalako hizkuntzak, eta garrantzitsua dela Aditu bezalako baliabideak Euskal Herrian garatzea: «Euskarak bizitasun digital ona izango badu, ezin ditugu erraldoi horiek egingo dutenaren edo egingo ez dutenaren menpe utzi gure hizkuntzarentzat giltzarriak diren garapen teknologikoak. Hortaz, ezinbestekoa da gure estrategia propioa garatzea eta burujabetza teknologikoan sakontzea». Hizkuntza-teknologietan eta adimen artifizialean ikerketa eta garapena egiteko plan anbiziotsu bat martxan jartzeko eskatu die erakundeei, Aditu bezalako tresnak garatu ahal izateko, «horrek ekarriko baitizkio aukera berriak euskarari».

Elhuyarreko zuzendariaren ondoren, hizketa-teknologien arduradun Igor Leturiak hartu du hitza, eta berak azaldu ditu Adituri buruzko xehetasunak. Esan duenez, «hizketaren ezagutzaren arloko teknologiarik berritzaileenak erabili ditugu Adituren garapenean: sare neuronalak, adimen artifiziala… Eta euskara eta gaztelania ulertzeko eta prozesatzeko gai da».

Aditu elebiduna da, eta gaztelaniazko nahiz euskarazko transkripzioak eta azpitituluak sortzen ditu, aurrez grabatutako fitxategietatik nahiz zuzenekoetatik. Audio-fitxategiak, bideo-fitxategiak, nahiz onlineko audio eta bideoetarako estekak (EITB, RTVE, Youtube, Facebook, Instagram…) prozesatu ditzake. Horrez gain, aldibereko transkripzioak ere egiten ditu; hala, mikrofonotik hitz egitean zuzenean testu idatzia eskuratzeko aukera ere eskaintzen du.

Transkripzioen testuaz gain, azpitituluen fitxategiak ere sortzen ditu (VTT zein SRT formatuan). Eta transkripzioa hitz bakoitzaren denbora-markekin ere eska diezaiokegu, bideoetan bilaketa aurreratuak egiteko, adibidez.

Plataformak berak, gainera, ediziorako interfaze bat du, Adituk automatikoki sortutako transkripzioak eta azpitituluak eskuz zuzendu ahal izateko.

Aditu aditu.eus webgunean bertan erabil daiteke, baina aukera ematen du beste gune eta plataforma batzuetan txertatzeko ere, bezeroen beharretara egokitu ahal izateko.

Guztiz konfidentziala da sistema, eta malgua, bezeroen aplikazioetara egokitu ahal izateko, haien datuak modu seguruan eta berme osoz kudeatuz.

Aditu hizketa-ezagutzailea eremu askotan aplika daiteke, eta bereziki erabilgarria da lau hauetan:

  • Ikus-entzunezkoen eta hedabideen sektorea: dokumental eta saioen azpitituluak, elkarrizketen grabazioen transkripzioak…
  • Administrazio publikoa: udalbatzar edo bestelako bileren aktak jasotzeko
  • Pertsonen eta makinen arteko elkarrekintza: 4.0 industriako hizketaz gidatutako makinak, domotika, elkarrizketa-agenteak eta laguntzaile birtualak, dei-zentroak…
  • Irisgarritasuna: diktaketa-sistemak…

Informazio gehiago, aditu.eus-en.

Harremanetarako: Irati Kortabitarte (i.kortabitarte@elhuyar.eus, 688 860 706)