Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Elhuyar Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunean, euskal erakundeekin bat eginda

2020.01.24-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Bederatzi euskal erakunde elkartu dira gaur Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta, otsailaren 7tik 14rako izango den 'Emakumeak Zientzian 2020' jarduera-programa zabala aurkezteko. Adin guztietako jendearentzako (familiak, nerabeak, helduak…) hainbat jarduera antolatu dira, eta Elhuyarrek parte hartze aktiboa izango du.

CIC nanoGUNE ikerketa-zentroa, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieros, Ceit, POLYMAT eta Elhuyar erakundeek zientzia-programazio bateratu bat aurkeztu dute, otsailaren 11n mundu osoan ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunerako. Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Donostia Kulturaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) laguntza du.

Ekimenaren helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.

Tailerrak, hitzaldi publikoak, ginkana, bisitak… eta abar izango dira Donostian otsailaren 7 eta 14 bitartean, egutegi honen arabera antolatuta:

  • Otsailak 7, ostirala,
    • 16:00etan: Zientzia bada nesken kontua tailerra, CIC nanoGUNEn. 14 eta 18 urteko gazteek “zientzialari eta ikerketa-taldeko kide izateko aukera izango dute egun batez”, eta nanozientziaren mundua lehen pertsonan ezagutzeko benetako esperimentu batean parte hartzeko aukera.
    • 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, Zientzialariak, atzo eta gaur ekimenean, hemengo eta gaurko sei emakume ikertzaile izango ditugu agertokian. Beren lana eta beren burua aurkezteaz gain, iraganean aitzindari izan diren emakume zientzialariak omenduko dituzte. Izan ere, iraganean aitzindariak izan baziren ere, askotan, ez zitzaien garaiz aitortu zientziari egindako ekarpena, eta ahaztuta geratu dira denboraren poderioz. Publiko ororentzako hitzaldiak izango dira, eta iragana eta oraina elkarri eskutik helduta, emakume zientzialariak badirela eta lehen ere izan zirela aldarrikatuko dute, etorkizunean inoiz ez dadin berriz zalantzan jarri.
  • Otsailak 8, larunbata: familien txanda izango da. Ibaetako Unibertsitate Campusean familientzako Ginkana bat egingo da, Elhuyarren eskutik. Ibaetako campusean ezkutaturik izango diren proba guztiak gainditu beharko dituzte taldeek.
  • Otsailak 10, astelehena: 12 eta 16 urte bitarteko gazteek hartuko dute parte Tecnun eta Ceit-en egingo den Ingeniari izatera jolasten Formula Student taldeko ingeniaritza-ikasleek automobilgintza-tailer praktiko bat emango dute
  • Otsailak 11, asteartea: lehen hezkuntzako eta batxilergoko zenbait eskola-taldek zentroetara bisitak egin ahal izango dituzte. Zentroetako ikertzaileek hainbat jarduera eta erakustaldi zientifiko egingo dituzte, emakumeek historian zehar zientzian izan duten zeregina nabarmentzeko. Eskolek urtarrilaren 27a arte egin ahal izango dute bisitetan parte hartzeko eskaera, eta, ondoren, zozketa bidez esleituko dira.
  • Otsailak 13, osteguna: Amona´s Power jarduera izango da, kultura zientifikoaren transmititzaile gisa emakume helduek duten irudia goratzeko. Ikertzaileek gidatuta, 55 urtetik gorako emakumeek aukera izango dute ikerketa-zentroetako nazioarteko ikerketaren eta bikaintasunaren mundua ezagutzeko. Egunerokoan ezkutuan dagoen zientziak argia ikusiko du, eta norbere baitan bizi den zientzialaria esnaraziko dute eta etxean zein lagun artean egin ahal izango dituzten esperimentuak ikasiko.
  • Otsailak 14, ostirala, 12:00etan: zientzia-komunitateari zuzendutako Berdintasuna zientzian: esperientziak eta etorkizuna mahai-ingurua antolatu da. Topaketa horretan, berdintasuna izango da aztergai zientzia-sistemaren hainbat ikuspuntutatik. Mahai-ingurua ingelesez izango da, Carlos Santamaria Zentroan (UPV/EHU), eta komunitate zientifiko osoarentzat dago irekita.

Jarduera guztiak doakoak dira, baina ekintza batzuetan izena eman behar da; Emakumeak Zientzian 2020 programaren webgunean dago izena emateko eta informazio gehiago:  www.emakumeakzientzian.eus