Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Asteburu honetan hasiko da TEKNOPOLISen denboraldi berria

2019.09.23-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

  • Berrikuntzaz beteta dator zientzia eta teknologiari buruzko saioa
  • Larunbatetan ETB1en, eta igandetan ETB2n, 13:30ean

Ezkerrean, Nagore Rementeria Argote eta Iñaki leturia Yurrita Teknopolis saioko zuzendariak, lantaldearekin batera. Arg: ETB

Gaur goizean aurkeztu da Teknopolis zientzia eta teknologiari buruzko saioaren denboraldi berria. Hain zuen, asteburu honetan abiatuko da, ETB1en eta ETB2n; bietan, ordu berean: 13:30ean.

Zientzia eta teknologia eguneroko bizitzaren zirrikitu guztietan aurki ditzakegula erakusteko asmoa du Elhuyarrek eta ETBk elkarrekin ekoitzitako saio honek.  

Iñaki Leturia Yurrita izango da aurten ere aurkezlea, eta, lehengo kazetariekin batera, kide berriak ere arituko dira saioan. Zuzendariak, berriz, Nagore Rementeria Argote eta Leturia bera izango dira.

Prentsaurrekoan Leturiak azaldu duenez, lifting bat egin diote saioari; hala, gaztetuta eta itxura berrituarekin dator. Kolore biziz jantzita, erritmoaren eta sakontasunaren arteko oreka bilatzen dute lantzen dituzten gaietan. Horren adibide dira datozen saioetan azalduko direnak: garagardogintzako berritasunak, Arabako dinosauroak, saguzarren bila Alkizan, eta suteen detektibeak.

Erreportajeez gain, atal berezituak ere izango ditu saioak. Esaterako, Atariko proban ikertzaileak gertutik ezagutzeko aukera izango ditu ikusleak.

Aurkezpena Elhuyar Fundazioaren egoitzan izan da. Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko zuzendariak ETBk urtez urte emandako babesa eskertu du: “Garai hauetan, ez da erraza saio batek irautea telebistan, eta Teknopolisek 22. edizioa du dagoeneko”. Bestalde, saioaren balioak nabarmendu ditu, bereziki, emakume zientzialari eta teknologoei ematen dien ikusgarritasuna. “Hain eremu maskulinitzatuan, beharrezkoa da ikuspegi feminista eta emakumeei lekua ematea”.

Amaia Esquisabel Alegría Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendariak, berriz, hezkuntzan eta gizarteratzean jarri du azpimarra. Haren esanetan, Eusko Jaurlaritzak “ahalegin berezia egiten du zientzia, teknologia eta berrikuntza gizarteratzen”; Teknopolis saioari emandako babesa da horren erakusgarri, besteak beste.

Xabier Aurrekoetxea Basañez ETB1eko programen zuzendariordeak, bere aldetik, Teknopolisen erronka kualitatiboa ez ezik, “kuantitatiboa” ere aipatu du. Azken denboraldian, “nabarmen” igo dira ikusle-datuak, eta aurten ere koska bat gehiago igotzeko gogor lan egitera animatu du lantaldea.

Bukatzeko, Teknopolisen edizio berrian babesle eta lankide diren erakundeei eskerrak eman dizkie Abrilek, saioari emandako laguntzarengatik: EITB, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila eta Hezkuntza Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, TKNIKA Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa, Euskal Energiaren Erakundea, eta FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa.