Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Jon Abril Olaetxea izango da Elhuyarreko zuzendari nagusi berria

2019.06.20-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Elhuyar Aholkularitzako kidea da Jon Abril Olaetxea, 2012az geroztik, partaidetzaren alorrean. Esperientzia zabala du kulturgintzan, eta gogotsu heldu dio erronka berriari.

 

Jon  Abril Olaetxea, Elhuyarreko egoitzan (Usurbil). Arg: Elhuyar

Ekainaren 11n, Elhuyar fundazioko patronatuak aho batez izendatu zuen Jon Abril Olaetxea Elhuyar fundazioko zuzendari nagusi. Abrilek Leire Cancio Oruetaren lekukoa hartuko du, azken honek zuzendaritzan zazpi urte eman ondoren.

Patronatuko kideen eta Elhuyarreko lankideen aurrean Jon Abrilek azpimarratu duenez “Elhuyarrek balio sendoak ditu gizarteak egun dituen erronkei heltzeko”, eta “horietan sakontzeko premia” ere azpimarratu du. Hala, “euskal gizarteak aurrean dituen erronkei adi jarraitu behar die Elhuyarrek, horiei etengabe erantzuteko gaitasuna erakutsiz, dela euskararen alorrean, dela hizkuntza-teknologietan edota zientziaren dibulgazioan”. Bestalde, erronka berriei heltzeko beharra adierazi zuen hitzaldian. “Batetik, klima-aldaketaren aitzinean, erakunde berdeagoa izateko konpromisoa hartu behar dugu; eta, bestetik, zaintza erdigunean paratuz, emakume eta gizonen arteko berdintasunean erakunde gisa eman diren urratsetan sakontzen jarraitu behar da”.

Jon Abril Olaetxearen curriculum laburra

Jon Abril Olaetxea Beran jaio zen 1975ean. Komunikazio Zientzietan lizentziaduna da (Euskal Herriko Unibertsitatea). “Euskal Ikasketak eta kultura zientifikoaren pizgarria” eta “Gizarte Hezkuntza eta Gizarte eta Kultur Animazioa” graduondokoak ditu, eta “Hizkuntza aniztasunaren kudeaketa enpresa eta integraziorako politiketan” eta “Kultur eta Arte Erakundeen Zuzendaritza eta Kudeaketa” aditu-ikasketak eginak ditu.

2012az geroztik, Elhuyarren aritu da lanean, euskara- eta partaidetza-alorretako aholkularitzako teknikari-lanetan. Azken lau urteotan, Partaidetza eta Berrikuntza Sozialeko lantaldearen koordinatzailea izan da. Aurretik beste hainbat lanetan jardundakoa da: kazetari gisa euskarazko hainbat hedabidetan, hala nola Euskaldunon Egunkarian, Xorroxin Irratian edota Ttipi-ttapa telebistan; Berako Udaleko kultura-teknikaria izan zen; eta politikan ere aritutakoa da, Berako alkateorde eta Aralar alderdiko koordinatzaileorde.

Euskararen eta kulturaren esparruetako herri-mugimendu ugaritan dabil. Euskal Herriko eta Nafarroako bertsolari-txapelketetako epailea da, idatzizko hainbat lan argitaratu ditu, eta, ikus-entzunezkoetan, Neskatoak dokumentala zuzendu zuen.