Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

PRENTSA-OHARRA: Hizkuntza-teknologiak Gipuzkoako Udaletan

2019.06.12-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

 

 

Donostian, 2019ko ekainaren 12an

Elhuyar Fundazioak antolatuta, “Hizkuntza-teknologiak Gipuzkoako udaletan” jardunaldia egin dute gaur Donostian, Miramar jauregian.

Gipuzkoako hainbat udaletako ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran Urrutia eta Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta Barragán eta Euskarabideko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendari Ander Irizar Apaolaza aurrean zirela, besteak beste, hizkuntza-teknologiek udaletan zenbaterainoko erabilgarritasuna duten izan dute hizpide hizlariek.

Goizeko 10:00etan hasi da jardunaldia, Juanjo Perez Martinez de Lahidalga Elhuyarreko hizkuntza-plangintzako arduradunaren hitz-hartzearekin. Azaldu duenez, “hizkuntza-teknologien alorrean lortzen ari diren aurrerapenei esker, orain arte euskaraz ezinezkoa zena edo oinarrizko kalitate-parametroetara heltzen ez zena orain posible da edo oso gertu gaude”. Hizkuntza-normalizazioan aurrera egiteko, bidaide ezin hobeak ditugu hizkuntza-teknologiak, “lagungarri baitira euskaraz sortzeko, euskaraz ez dakitenen ulermena bermatzeko eta itzulpen-prozesuak optimizatzeko. Horrez gain, inklusibitatea eta irisgarritasuna lortzen ere lagundu diezagukete”.

Perezen ondoren, Itziar Cortés Etxabe Elhuyarreko itzulpengintza-teknologien arduradunak hartu du hitza. Nabarmendu du “euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpen automatikoko sistemak orain arte ez bezalako kalitateko emaitzak” lortzen ari direla, eta itzulpengintza automatikoak Gipuzkoako udaletan dituen bi aplikazio-eremuri buruzko azalpenak eman ditu. Batetik, esan du “itzulpen automatikoko sistemek sorkuntza elebiduna sustatzeko” balio dutela. Bestetik, “dokumentuak itzultzeko prozesuetan txerta daitezkeenez, oso lagungarri dira itzultzaileentzat”. Hala ere, azpimarratu du “arduraz erabili beharrekoak” direla tresnok; “sistema automatikoa da, eta ezin gara itsu-itsuan fidatu”.

Cortésen atzetik, Igor Leturia Azkarate Elhuyarreko hizketa-teknologien arduradunak azaldu du “euskarazko hizketaren sintesian eta ezagutzan ere aurrerapauso handiak” eman direla azkenaldian, sare neuronalei eta deep learning teknikei esker. Udal baten jardunean txertatuta, aplikazio ugari dituzte teknologia horiek, bereziki irisgarritasunari eta inklusibitateari begira. Hizketaren sintesian, batetik, “webguneak irakurri beharrean entzuteko tresna bat dugu, eleaniztuna”. Bestetik, “ibilbide eta museoak irisgarri egiteko Bidaide sistema dugu (bidaide.elhuyar.eus)”. Hizketaren ezagutzan, berriz, “dagoeneko posible da transkribapen eta azpititulu txukunak automatikoki lortzea euskaraz ere”. Alegia, “udaleko osoko bilkurak eta batzordeetako bileren aktak jasotzeko, adibidez, audioak automatikoki transkriba ditzakegu, eta itzulpen automatikoa baliatu hizkuntzaz aldatzeko”.

Azkenik, Elhuyarreko kideek azaldutako hizkuntza-teknologiek (hizkuntzateknologiak.elhuyar.eus) Gipuzkoako udaletan izan dituzten arrakasta-kasuen bi adibide ezagutu ahal izan ditugu. Batetik, Karlos de Olmo Serna Donostiako Udaleko itzultzaileen arduradunak azaldu du “itzulpen automatikoko bi sistema” darabiltzatela Donostiako Udalean. Batetik, testu-sorkuntza elebidunerako lagungarri, Modela.eus erabiltzen dute. Bestetik, Elhuyarren gaztelania>euskara eta euskara>gaztelania itzultzaile automatikoak beren OLI tresnan txertatuta erabiltzen dute. Hala, “itzultzaileek, lanean ari direla, esaldiz esaldi, itzulpen-memorietako proposamenez gain, itzulpen automatikoak ere jasotzen dituzte, eta horrek asko optimizatzen du itzultzaileen lana”.

Bestetik, Xabier Arregi Iparragirre Usurbilgo jarduneko alkateak azaldu du Bidaide sistema baliatu dutela Usurbilen, “Harria Hitz” ibilbidea irisgarri eta inklusibo egiteko. “Mugikorreko aplikazio baten bidez, dibertsitate funtzionalak kontuan hartuta, edonork egiteko moduko ibilbidea da orain Harria Hitz. Informazioa eta ibilbidean aurrera egiteko jarraibideak norberaren beharretara egokituta eta norberak hautatutako hizkuntzan jasotzen dituzte bisitariek”.

Argi geratu da hizkuntza-teknologiak bidelagun izango direla euskararen normalizazioan, eta udalek berebiziko aukera dutela esku artean.

Hizlari eta parte-hartzaileek elkarrekin mokadutxo bat eginez amaitu da jardunaldia.

Egitaraua

 

10:00 → Harrera. Hizkuntza-teknologien eskutik, euskararen normalizazioa iraultza baten atarian

Hizlaria: Juanjo Perez Martinez de Lahidalga, Elhuyarreko hizkuntza-plangintzako arduraduna.

 

10:15 → Itzulpen automatikoa eta hizkuntza-kalitatea

Hizlaria: Itziar Cortés Etxabe, Elhuyarreko itzulpengintza-teknologien arduraduna.

 

11:00 → Hizketa-teknologien aplikazioak: ahotsa automatikoki testu bihurtzea eta irisgarritasuna

Hizlaria: Igor Leturia Azkarate, Elhuyarreko hizketa-teknologien arduraduna.

 

11:45 → Arrakasta-kasuak

Karlos del Olmo Serna: itzulpen automatikoa Donostiako Udalean.

Xabier Arregi Iparragirre: Bidaide, ibilbide turistikoak inklusibo eta irisgarri egiteko aplikazioa, Usurbilgo “Harria Hitz” ibilbidean.

 

12:30 → Mokadutxoa

 

hizkuntzateknologiak.elhuyar.eus         elhuyar-ht@elhuyar.eus           949 36 30 40