Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuaren bidean, Elhuyarren eskutik

2019.04.10-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Euskal ikerketa-sareko kideak, Elhuyarrek antolatutako Zientziakideren jardunaldietako batean. Arg: Jon Urbe/Elhuyar

Zer esan nahi du Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuak (RRI) euskal ikerketa-sarearentzat? Galdera horri erantzuteko, Zientziakide proiektua garatu du Elhuyarrek, euskal sareko eragileekin batera, partaidetza-prozesu baten bidez.

Horretarako, hiru jardunaldi egin dituzte, RRIaren alderdi teorikoa zein praktikoa lantzeko. Antolatzaileek ”emankor” hitza erabili dute jardunaldiok definitzeko; hain zuzen, RRIa aplikatzeko ikertzaileek dituzten ikuspegiak, kezkak eta praktikak elkarrekin partekatzeko aukera paregabea izan dute.

Hala, parte-hartzaileek RRIa gauzatzeko egungo ikerketa-sistemak dituen mugak identifikatu, eta paradigma aldatzeko eman beharreko lehen pausoa ere zehaztu dute: ezinbestekotzat jo dute erakundeek RRI ikuspegiaz diseinatzea  finantzazio-programak zein Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza planak (I+G+B).

Jardunaldietan, Rosina Malagrida Escalas eta Gema Revuelta de la Poza adituak aritu dira gidari-lanetan. Han bildutako iritzi, esperientzia eta ondorioekin txostena ere osatu du Elhuyarrek, Andoni Eizagirre Eizagirre Mondragon Unibertsitateko ikertzailearen laguntzarekin, eta denen eskura jarri du Zientziakideren webgunean: zientziakide.elhuyar.eus

RRI ikuspegiaz

Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsua Europar Batzordeak sustatutako zeharkako kontzeptua da, hau da, ikerketa guztiei eragiten die eta, haren bidez, zientzia-sistemaren eta gizartearen arteko tartea txikiagotu nahi da. Sei gako ditu:

  • Hiritarren parte-hartzea ikerketa-prozesuetan sustatzea
  • Genero berdintasuna bultzatzea zientzia-sisteman
  • Zientzia-hezkuntza, hezkuntza prozesuak hobetu eta gazteen artean bokazio zientifikoak hobetzeko
  • Etika, osotasun zientifikoa sustatzeko
  • Sarbide irekia informazio zientifikora
  • Gobernantza-hitzarmenak, interes-taldeen eta erakunde publikoen artean

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kutxa Fundazioaren eta Zientzia eta teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT) erakundearen laguntza jaso du.