Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Itzulpenflow: itzulpen-zerbitzuetarako kudeatzailea

2019.01.21-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Elhuyarrek, beste zerbitzu askoren artean, 20 urte baino gehiago daramatza itzulpengintzan eta testu-zuzenketan. Eta lan egiteko moduak asko aldatu dira 20 urteotan.

Itzultzaile-zuzentzaileen lagungarri, papereko hizkuntza-baliabideetatik hizkuntza-baliabide digitaletarako jauzia gertatu da, batetik, eta itzulpen-memoriak eta itzultzaile automatikoak sortu dira bestetik.

Itzulpengintza itzulpenak egitea baino gehiago da ordea. Jasotzen diren enkarguen jarraipena egin behar da: bezero bakoitzaren eskaerak, entrega-epeak, lanen unean uneko egoera (hasi gabe, itzultzen, zuzentzen, entregatuta, fakturatuta, kobratuta…). Jasotako lanak banatu behar dira enpresa barruko langileen eta kanpoko kolaboratzaileen artean: itzultzailea esleitu zuzentzailea esleitu… Aurrekontuak eta fakturak pilatu egiten dira, eta fakturazioaren jarraipen zehatza egitea beharrezkoa da.

Lantaldea, bezero-kopurua, enkargu-kopurua, fakturazioa… zenbat eta handiagoak izan, are konplexuagoa da zerbitzua ondo kudeatzea.

Kudeaketa-lan hori guztia errazteko, Itzulpenflow erabiltzen dugu Elhuyarren. Paperetik kalkulu-orrietarako (Excel) jauzia eman genuen lehendabizi, eta hurrengo urratsa Itzulpenflow web-aplikazioa garatzea izan zen. Duela 10 urte, gainera, merkaturatu egin genuen plataforma hori, Elhuyarren barruan hain onuragarri zena beste batzuen eskura ere jartzeko.

Itzulpenflow itzulpen-prozesuan sortzen den fluxu osoa kontrolatzen duen plataforma integral bat da. Barnean hartzen ditu itzulpen bat egiteko lanean parte hartzen duten elementu guztiak: bezeroak, epeak, dokumentuak, hornitzaileak, tarifak, fakturazioa, lan-bolumena, itzultzaileak/zuzentzaileak…

Itzulpen-prozesua optimizatzen laguntzen duen tresna da Itzulpenflow. Besteak beste, lagungarri da lanak egoki esleitzeko, dokumentuak biltegiratzeko, bezeroekiko eta hornitzaileekiko harremanak bideratzeko, eta merkatuan lehiakorrago izateko. Baita bezeroarekiko komunikazioa, itzulpen- eta zuzenketa-eskaeren kontrola, itzultzaileei lanak esleitzea, eta alderdi administratiboari lotutako beste izapide batzuk bideratzeko ere; esaterako, fakturazioa.

Aipatutakoez gain, beste abantaila batzuk ere baditu Itzulpenflowk:

  • Plataforma erabiltzeko, ez dago ezer instalatu beharrik, nahikoa da Interneteko konexioa edukitzea eta Itzulpenflow webgunera sartzea (ordenagailutik nahiz gailu mugikor batetik).
  • Itzulpen- eta zuzenketa-prozesuko faseetan sortzen diren dokumentu guztien bertsioak gordetzen ditu, eta askotariko formatuekin lan egiteko aukera ematen du; besteak beste, Word, Excel, Power Point eta OpenOffice-ko ohiko formatuak.
  • Eskaeren egoera ikusteko aukera ematen du (unean unekoa nahiz historikoa).
  • Lan bakoitzaren kostua, fakturazioa, fakturatzeke dagoena eta gastatutakoa ikusteko aukera ematen du.
  • Lana bukatuta eta entregatzeko prest dagoenean, eskatzaileak abisua jasotzen du, mezu elektroniko bidez edo nahi duen komunikazio-kanalaren bidez.
  • Sistema eleaniztuna da. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez erabili daiteke; eta hizkuntza edozein unetan alda dezake erabiltzaileak.