Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Lehen sektorearen euskarazko ikerketa zientifikoa babestuko dute NEIKERek eta Elhuyarrek

2018.12.20-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

NEIKER-Tecnalia Nekazaritzaren Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak eta Elhuyar Fundazioak 2016. urtetik duten lankidetza-hitzarmena berritu dute, lehen sektoreko ikerketa gizartera hurbiltzeko eta sektoreko euskarazko terminologia normalizatzeko.

Lehen sektorearekin lotuta euskaraz egindako ikerketak saritzea da NEIKER-Tecnaliaren eta Elhuyarren arteko lankidetzaren helburuetako bat. CAF-Elhuyar sariei “NEIKER sari berezia” kategoria gehitzea izan zen horretako adostu duten bidea. CAF-Elhuyar sarien helburuak dira zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea. Hala, aurten ere “NEIKER sari berezia” kategoria sariketaren beste kategoria hauei gehitu zaie: dibulgazio-artikulu orokorrak, egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak, zientzia-kazetaritzaren arloko lanak, eta zientzia gizartean sorkuntza-beka. Aurreko edizioetan 2.000 euroz hornitutako “NEIKER sari berezia” honako lan hauek jaso dute: Mikel Etxeberria Okarizen Udara bat ardiekin, senari jarraika eta Iñaki Odriozola Larrañagaren Euskal Herriko mendiak: herbiboro handiek zizelkatutako paisaiak.

Elhuyarren beste proiektu estrategiko batekin bat egitea ere adostu dute NEIKER-Tecnaliak eta Elhuyarrek: Zientzia Azoka, gazteen zientzia-bokazioak pizteko, gizartearen kultura zientifikoa sustatzeko, eta bertako eta gaur egungo zientzia hedatzeko ekimena. NEIKER-Tecnaliak bere zentroak bisitatzeko aukera emango die Zientzia Azokan parte hartzen duten gazteei, eta egonaldiak eskainiko dizkie saridunei.

Hitzarmenak jasotzen duen beste elkarlan-esparruetako bat da lehen sektorean eta elikagaigintzan erabiltzen den terminologia eleaniztunaren bilketa eta kudeaketa egoki bat egitea. 1.500 kontzeptu espezializatu lau hizkuntzatan jasoko dituen hiztegi bat izango da lan horren emaitza.