Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

ASTEBURU HONETAN HASIKO DA 'TEKNOPOLIS'-EN DENBORALDI BERRIA

2018.09.24-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

  • 20 urtez Zientzia eta Teknologia zabaltzen, modu erraz eta erakargarrian
  • Larunbatetan ETB1en, eta igandetan ETB2n, 13:30ean

Teknopolis saioaren lantaldea, babesleekin (EITB)

Gaur goizean aurkeztu da Teknopolis zientzia eta teknologiari buruzko saioaren denboraldi berria. Hain zuen, asteburu honetan abiatuko da, ETB1en eta ETB2n; bietan, ordu berean: 13:30ean.

Elhuyarrek eta ETBk elkarrekin ekoitzitako saio honek 20 urte egingo ditu gai zientifiko-teknologikoak azalduz, modu erakargarri eta ulerterrazean. Denbora horretan, etengabeko bilakaera izan du saioak, eta, aurten ere, esperientziaren eta berrikuntzen arteko oreka bilatu dute.

Aurreko urteetan bezala, Iñaki Leturia Yurrita izango da aurkezlea, baina aurpegi berriak ere aurkituko ditu ikusleak, kazetari gazteak batu baitira esperientzia handiko taldeari. Zuzendari-lanetan, berriz, Nagore Rementeria Argote eta Leturia bera arituko dira.

Prentsaurrekoan Leturiak argitu duenez, “ondo funtzionatzen” duten atalek jarraipena izango dute denboraldi berrian. Horrenbestez, aurten ere zientzialarien alde pertsonal eta informalena ezagutzeko aukera egongo da “Atariko proba” atalean, eta gailu mugikorretarako dauden app interesgarrienen berri izango du “Apperitifa” tartean. Horiekin batera, erreportajeak eta bestelako edukiak emango dira, gai jakin bat ardatz hartuta. Adibidez, lehenengo saioan Bardea izango da protagonista.

Aurkezpena Joxe Mari Korta zentroan izan da (Euskal Herriko Unibertsitatea). Hain zuzen, UPV/EHU Teknopolisen babesleetako bat da, eta, babes horren erakusgarri, aurkezpenean izan da Miren Bego Urrutia Barandika. Azaldu duenez, UPV/EHUk sortu berri duen Ikerketa Gizartera Zabaltzeko Zuzendaritzako burua da, eta unibertsitateak duen egiteko nagusietako bat betetzeko bidelagun aproposa da Teknopolis, jakintza gizartera hedatzeko tresna den heinean.

Xabier Aurrekoetxea Basañez ETB1eko programen zuzendariordeak bat egin du Urrutiak adierazitakoarekin. Horrez gain, Teknopolisek audientzia-datu onak lortzen dituela azpimarratu du. Haren hitzetan, telebista publikoak nahitaez landu behar ditu gai zientifiko-teknologikoak, baina, gainera, audientziak laguntzen badu, esan nahi du jendeak gustuko duela produktu hori.

Azkenik, Elhuyarreko zuzendari nagusi Leire Cancio Oruetak Teknopolisen entretenimenduak eta gaurkotasunak bat egiten dutela azpimarratu du. Gaurkotasuna bokazio zientifiko-teknikoen beharrarekin lotu du; haren hitzetan, “mutilen, eta bereziki nesken artean, sustapen-lana egiteko premia argia dugu”. Horretarako, zientzia eta teknologiaren munduaren eta gizartearen arteko zubien garrantzia nabarmendu du, eta Elhuyarren eta Teknopolisen rola horixe dela adierazi du, “zubi-lana” egitea, alegia.

Bukatzeko, Teknopolisen edizio berrian babesle eta lankide diren erakundeak aipatu eta eskertu ditu Canciok: EITB, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura eta Hezkuntza Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, TKNIKA Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa, eta FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa. Denboraldi berrian, Euskal Energiaren Erakundeak ere osatzen du taldea.

Aipatutako babesle eta lankide horien ordezkari batzuk izan dira prentsaurrekoan, tartean, Joseba Beldarrain Agirre Eusko Jaurlaritzako Enpresa Programako arduraduna.

Teknopolis 13.30etan emango dute, larunbatetan ETB1en, eta igandetan ETB2n.