Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Elhuyarren 2017ko kontuen berri

2018.06.28-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

  • Elhuyar Taldeak egoera ekonomikoa egonkortzea lortu zuen 2017an, 2016ko joerari jarraituz

  • % 25 hazi zen bazkide norbanakoen kopurua

2016an, Elhuyarrek emaitza parekatzea lortu zuen, eta 2017a, berriz, finkatze-urtea izan zen; izan ere, duela bi urteko joera hobetu, eta emaitza positiboa lortu zuen iaz. Elhuyarrek ia 4 milioi eta erdi euroko sarrerak lortu zituen. Horietatik, % 70 produktu eta zerbitzuen salmentatik etorri ziren; % 17, diru-laguntza lehiakorretatik, eta % 13, hitzarmen eta bazkidetzetatik.

Ekainaren 22an onartu zituen Elhuyar fundazioaren patronatuak 2017. urteko kontuak, eta, horrez gain, fundazioak jabegoan dituen Elhuyar Zubize eta Eleka sozietate mugatuen kontuak ere ontzat eman ziren, patronatuaren bileran.

Elhuyarren patronatuko kide dira hauek: Txema Pitarke (lehendakaria), Eustakio Arrojeria, Jesus Ugalde, Jose Mari Rodriguez, Xanti Goñi, Josu Waliño, Imanol Telleria, Jabi Duoandikoetxea, Itziar Laka, Rafa Bañales, Arantza Diaz de Ilarraza (UPV-EHUko Ixa Taldea), Cristina Alberdi (Tecnalia), Leire Barañano (Neiker-Tecnalia), Xabier Arregi (Usurbilgo Udala), Josu Madariaga (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila), Amaia Eskisabel (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila) eta Miren Garbiñe Mendizabal (Gipuzkoako Foru Aldundia).

Hainbat ekimenek ikusi zuten argia iaz, eta horren adibide garbia da zientziaren arloan Bizilabe gazteentzako ikerketa-zentroa martxan jarri izana. Bilbon zabaldu zen lehen proiektu pilotua, 2017ko udazkenean, eta, era berean, Azpeitia-Azkoitia aldean, gazteak ikerketara hurbiltzeko urratsak eman genituen. Bizilabe proiektuan, Bilboko Udala eta Iraurgi Berritzen garapen ekonomikoko agentzia izan ditugu bidelagun. Bestalde, hizkuntzaren arloan, beste ikerketa-erakunde batzuekin batera, sare neuronaletan oinarritutako itzulpen automatikoko sistemetara egin genuen salto.

Ohiko proiektuekin ere tinko jarraitu dugu: zientzia gizarteratzen (Teknopolis telebista-saioa, Norteko Ferrokarrila irratsaioa, zientzia.eus webgunea eta Elhuyar aldizkariaren bidez) eta erabiltzaileei hizkuntza-baliabideak eskaintzen. Elhuyar hiztegien webgunea berritzeko, osatzeko eta eguneratzeko etengabe lanean aritzeaz gainera, txertatzen ari gara berdintasun-irizpideak ere: lexiko baztertzailearen azterketa sakona egiten hasi gara, eta hainbat adibide, adiera eta sarrera aldatu ditugu, erabilera inklusiboranzko bidean. Gurea hiztegi-webgunerik bisitatuena izan arren, formula berriak asmatu beharko ditugu gure webgunearen etorkizun ekonomikoa bermatzeko. Aurten, hiztegien webguneko erabiltzaileei eskerrak eman beharrean gaude, arduraz eta eskuzabaltasunez jokatu baitute eta Fundazioko bazkide egin baitira 100 erabiltzaile. Bazkide berri horiei esker % 25 hazi da norbanakoen bazkide-kopurua.

Elhuyarrek garatzen dituen egitasmoek aurrera egin dezaten, ezinbestekoa zaigu, norbanako bazkideek laguntzeaz gain, erakunde eta enpresa laguntzaileek ere babestea. Erakunde laguntzaile hauek ditu bidaide Elhuyarrek: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Usurbilgo Udala. Enpresa laguntzaile gisa, bestalde, bidelagun hauek izan genituen, 2017an: Maier kooperatiba, Tecnalia, Neiker-Tecnalia, Laboral Kutxa, Lagun Aro, Tajo Group, Eika, Irizar, Ulma eta Kide.

2017. urteko txostenean jaso ditugu iazko ekimen esanguratsuenak, eta hemen ikus daitezke. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan.

Izaro Aizpurua Arkauz
Elhuyar
Tfnoa: 943 363040 luzp.: 313