Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Astigarragako haurrek Urumeako arrainak ikertu dituzte

2017.12.20-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Aurkeztu dituzte Astigarragako Herri Eskolako neska-mutilek Zientziakide proiektuan egindako ikerketaren emaitzak. Proiektu horren barruan, arrain-espezie jakin batzuk bilatu dituzte Urumean eta haren bi errekastoetan. Haietako batean ez dute arrainik detektatu; hortik ondorioztatu dute errekasto hori zeharo arrainik gabea izan daitekeela.

Zientziakide proiektuaren ezaugarri nagusia da herritarrek, kasu honetan ikasleek, zientzialariekin batera parte hartzen dutela ikerketan. Hala, aukera dute zientzia-mundua barrutik ezagutzeko, ikerketetan erabakiak hartzeko, eta, azkenean, ikerketa eta berrikuntza arduratsuak egiteko. Hain zuzen, asmo horrekin sortu zuen Elhuyarrek Zientziakide proiektua.

Urumeako arrainen ikerketan, Euskal Herriko Unibertsitateko Plentziako Itsas Estazioarekin lankidetzan aritu da Elhuyar;  Astigarragako Herri Eskolako ikasleen ezinbesteko laguntzarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren, Kutxa Fundazioaren eta Astigarragako Udalaren babesarekin.

Kontuan izan behar da Gipuzkoako ibairik garrantzitsuenetakoa dela Urumea, eta interesgarria litzatekeela han bizi diren arrainen katalogoa osatzea, espezie batzuk arriskuan baitaude eta beste batzuk, aldiz, kanpotik ekarriak izan dira. Horrek ingurumenaren gaineko ezagutza zabaltzeko eta kudeaketa egokia egiteko aukera emango luke. Adibidez, ikusi nahi zuten ea lanproia Urumeara bueltatu ote den, aspaldian Euskal Herrian soilik Bidasoan aurkitu delako . Perka amerikarra eta siluroa, berriz, espezie inbaditzaileak dira, eta jakin nahi zuten Urumeara ere ailegatu ote diren.

Arrainak detektatzeko eDNA (Environmental DNA) teknika erabili dute, lehen aldiz Euskal Herrian, eta, ikertzaileek uste dutenez, lehen aldiz arrainen bioaniztasuna ikertzeko Espainian ere. Teknika horrekin, arrainek uretan uzten duten DNA aztertu dute Plentziako Itsas Estazioko ikertzaileek. Aurrez, Astigarragako Herri Eskolako ikasleek ur-laginak bildu zituzten Urumean, Mundarron eta Galtzaurren.

Astigarragako Herri Eskolan zein Kultur Etxean erakutsiko dira prozesu guztia eta emaitzak, erakusketa banatan:

- Astigarragako Herri Eskolan: abenduaren 11tik-21era.

- Astigarragako Kultur Etxean: urtarrilaren 22tik-otsailaren 5era.