Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Nazio Batuen Batzar Orokorrak Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaz

2017.09.29-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Hirurogeita hamaikagarren bilkura

Agenda-elementua: 125

Eleaniztasuna

Azerbaijan, Bangladesh, Bielorrusia, Costa Rica, Ekuador, Kuba, Paraguai, Qatar, Turkia, Turkmenistan eta Vietnam: ebazpen baten zirriborroa

Itzulpengintza profesionalak herrialdeen arteko harremanak sendotzen eta bakea, elkar ulertzea eta garapena sustatzen daukan zeregina

           Batzar Orokorrak,

           Nazio Batuen Erakundearen Gutunak gidaturik,

           Gogoan hartuz konferentzien ereduari buruz hartutako ebazpenak, eta bereziki 2016ko abenduaren 23ko 71/262 ebazpena, zeinak 1987ko abenduaren 11ko 42/207 C ebazpena berresten baitu, eta gogoan hartuz, halaber, eleaniztasunari buruz hartutako ebazpenak, eta, bereziki, 2015eko irailaren 11ko 69/324 ebazpena,

           Gogoan hartuz, orobat, nazioarteko urteen aldarrikapenari buruzko 1998ko abenduaren 15eko 53/199 eta 2006ko abenduaren 20ko 61/185 ebazpenak, eta Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren 1980ko uztailaren 25eko 1980/76 ebazpena, nazioarteko egunei eta urteurrenei buruzkoa,

           Gogoan hartuz, gainera, Garapen Jasangarriaren aldeko 2030 Agenda1, non kultura eta zibilizazio guztiei aitortzen baitzaie garapen jasangarriari ekarpena egin diezaioketela eta hura ahalbidetzeko funtsezkoak direla,

           Onartuz munduko kultura- eta hizkuntza-aniztasunarekiko errespetua funtsezko aurrebaldintza dela Nazio Batuetan irekitasun-, ekitate- eta elkarrizketa-espiritua sustatzeko,

           Aitortuz, alde batetik, eleaniztasunak Nazio Batuen ekintzetan eta haren mundurako proiekzioan erakundearen balio nagusi gisa duen rola, eta, bestetik, munduko kulturak eta hizkuntzak indartzen, babesten eta zaintzen daukan garrantzia,

           Kontuan hartuz, hizkuntza aldi berean guztiona eta bakarra izanik, aniztasunetik sortutako mundu elkartu baten irudia sendotzen duela,

           Kontuan hartuz hizkuntza bateko lan literario edo zientifikoak, baita teknikoak ere, beste hizkuntza batean jartzen dituen itzulpengintza profesionala —barne harturik itzulpengintza bera, interpretazioa eta terminologia— ezinbestekoa dela nazioarteko diskurtso publikoetan eta pertsonen arteko komunikazioan argitasuna, giro ona eta produktibitatea bermatzeko,

           Gogoan hartuz Nazio Batuetako sei hizkuntza ofizialen kalitatearen garrantzia,

           Aitortuz hizkuntzaren profesionalek egiten dituzten ekarpen praktikoak, bai konferentzia-zerbitzuetan, bai eremuan, Nazio Batuen helburuak lortzen, hala nola bakea eta segurtasuna mantentzen, bakea bermatzen, giza eskubideak sustatzen eta garapen jasangarri bat lortzeko ekintzak gauzatzen,

           Estimu handian hartuz idazkari nagusiak itzulpenaren kalitatea eta egokitasuna bermatzeko egiten dituen ahaleginak.

           Ongi etorria emanez urtero Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko egiten den San Jeronimo Itzulpen Lehiaketari,

           Ongi etorria emanez idazkarin nagusiak unibertsitate sareekin sortu duen lankidetzari, zeinaren bidez elkar ulertzeko agiri bat sinatu baita Nazio Batuekin hizkuntza-gaitasunen azterketak gainditzeko hautagaiak prestatzeko, eta aitortuz lankidetza horrek baduela gaitasuna talentua Nazio Batuen hizkuntza-zerbitzuetara bideratzeko,

           1.       Baieztatzen du itzulpen profesionalak, lanbide bat eta artea den heinean, izugarrizko garrantzia duela Nazio Batuen Gutunaren helburuak eta printzipioak lortzeko, nazioak elkartzen, elkarrizketa, elkar ulertzea eta kooperazioa sustatzen, garapenari laguntzen eta munduko bakea eta segurtasuna sendotzen baititu;

           2.       Erabakitzen du irailaren 30a Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna izatea.

           3.       Gonbidatzen ditu estatu kideak, Nazio Batuen sistemako erakundeak eta nazioarteko eta eskualdeetako beste erakundeak, bai eta gobernuz kanpoko erakundeak eta pertsonak ere, Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna ospatzera, modu egokian eta estatuko lehentasunekin bat eginik, itzulpengintza profesionalak duen garrantziaz ohartarazteko eta nabarmentzen du egun horretako ekintzen kostu osoa borondatezko ekarpenez ordaindu behar direla;

           4.       Eskatzen du idazkari nagusiak, Nazio Batuen hizkuntzaren profesionalei dagokienez, kalitatea eta bikaintasuna zaintzen jarraitu dezala.

 
   

 

 

          [1] 70/1 ebazpena.