Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

INSPIRA proiektua Gipuzkoan

2017.08.02-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Nesken artean bokazio teknologikoa sustatzera bideratutako proiektuaren bigarren edizioa aurkeztu da Gipuzkoan.

Proiektua Deustuko Unibertsitateak sustatu du, Elhuyarren eta Innobasqueren laguntzaz, eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban egingo da, hiru foru aldundien babesean.

Ekimena aitzindaria da EAEn, eta nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzea du helburu, sentsibilizazio eta orientazio ekintzez baliatuz. Ekintza horiek ikerketaren, zientziaren eta teknologiaren munduko emakume profesionalek bideratzen dituzte. Lehenengo aldiz erabiliko da taldeko mentoring teknika STEAM deitutakoak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika) sustatzeko lehen hezkuntzako ikasleen artean.

Esperientzia honen aurkezpenean parte hartu dute Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak, Asier Perallos Deustuko unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoak, Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak eta Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusiak.

Iaz, proiektuaren lehenengo edizioan, 17 emakume izan ziren 200 neska baino gehiagoren mentore, 11 ikastetxetan. Aurtengorako, EAEko 113 mentore, 43 ikastetxe eta 1.075 ikasle elkartu dira. Gipuzkoari dagokionez, INSPIRA proiektuarekin bat egin dute 43 mentorek, 12 ikastetxek eta 20 taldek.

INSPIRA proiektuak EAEko ikasleen artean eta, bereziki, nesken artean, bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatu nahi ditu. Izan ere, teknologia arloko prestakuntza aukeratzen duten ikasleen kopurua beherantz doa urtetik urtera. Eta, neskei dagokienez, datuak are larriagoak dira. Espainiako unibertsitate sistemako ikasle guztien % 54,3 emakumeak izan arren, titulazio teknikoetan, esate baterako, Ingeniaritzan eta Arkitekturan, % 26,4 besterik ez dira.

Proiektuaren gakoak:

  • Hurbileko emakume teknologoen erreferente berriak eskaintzea.
  • Neska-mutilek STEAM lanbideak ezagutzea.
  • Herrialde baten garapenean gizonek eta emakumeek parte hartzearen beharraz jabetzea.
  • Teknologiako karreren inguruko sentsibilizazioa eta orientazioa eskaintzea.
  • Emakume teknologoak ezagutaraztea eta haien garrantziaz jabetzea.
  • Dauden estereotipoak ezagutzera ematea, ikasketen aukera baldintzatu ez dezaten.

Lerro hauen bidez, proiektuaren arduradunek deia egin nahi diete ikastetxe, ikertzaile eta ikasleei, ekimen honekin bat egin dezaten eta, horrela, guztion artean nesken bokazio zientifiko-teknologikoa indartu dadin.

Bideo honetan Zumaiko ikastetxe bateko hiru neskek eta Mª Luz Guenagak INSPIRA proiektua aurkezten dute, Deusto Research-eko jardunaldietan: https://www.youtube.com/watch?v=Mc4p42o5R1U

Proiektuaren esteka: http://inspirasteam.net/