Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Petronorrek eta Elhuyar Fundazioak petrolio-industriaren hiztegi eleaniztuna egitea adostu dute

2017.07.12-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Emiliano Lopez Atxurra Petronorren presidenteak eta Leire Cancio Orueta Elhuyar Fundazioaren zuzendariak petrolio-industriaren hiztegi eleaniztuna egiteko hitzarmena sinatu dute gaur. Horrenbestez, Petronorrek, erakunde bultzatzaile gisa, eta Elhuyarrek, bazkide teknologiko gisa, “energia-konpainiaren terminologia kudeatu eta euskal sektorean duen ikusgaitasuna areagotzea” adostu dute.

“Petrolio-industrian erabiltzen den terminologia eleaniztuna bildu eta behar bezala kudeatzea” da proiektuaren helburua, “sektoreko langileen beharrizan linguistikoetan laguntza eta orientazioa emango dien baliabide bat eskaintzeaz gain”.

Aurkezpenean, Emiliano Lopez Atxurra Petronorren presidenteak euskararekiko atxikimendua adierazi du, eta, azpimarratu Petronorrek nahi duela “balioan jarri milaka urteko hizkuntza, energia zein teknologiaren alorrean euskararen modernizazioa areagotuz”.

Bestalde, Leire Cancio Elhuyarren zuzendariak eskertu du Petronorren laguntza, eta gogoratu nahi izan du “hizkuntza dela kudeaketa bikainaren alderdietako bat, komunikatzeko eta gizarteratzeko tresna denez gero”.

Ekimen honen bitartez, “Petrolio Industriaren Hiztegi Eleaniztuna” eta Interneten kontsultatzeko aplikazioa sortuko dira. Hiztegiak 300 definizio tekniko eta sektorearekin zerikusia duten 1.500 kontzeptu espezializatu inguru bilduko ditu, sailen arabera antolatuta, honako lau hizkuntza hauetan: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.

Datu-basea Elhuyarren zerbitzarian kokatuko da, etorkizunean egin beharreko eguneratze- eta mantentze-lanak erraztearren, eta Petronorren webgunean txertatuko da, nornahik erabiltzeko aukera izan dezan.

Aldi berean, ideia da kontsulta-aplikazio berbera erabili ahal izatea onlineko beste hainbat hiztegitan ere bilaketak zuzenean egiteko.

Hiztegia 2018an amaituko da, Petronor 1968an eratu izanaren 50. urteurrenarekin bat eginez.

Muskizen, 2017ko uztailaren 11n