Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Elhuyarren 2016ko kontuen berri

2017.06.28-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

PRENTSA-OHARRA

Elhuyarren 2016ko kontuen berri

  • Elhuyar Taldeak emaitza parekatzea lortu zuen 2016. urtean 
  • Sarreren % 73 produktu eta zerbitzuen salmentatik etorri zen; % 15, diru-laguntza lehiakorretatik, eta % 12, hitzarmen eta bazkidetzetatik

Usurbilen, 2017ko ekainaren 28an

Ekainaren 14an onartu zituen Elhuyar fundazioaren patronatuak 2016. urteko kontuak.  Elhuyarren patronatua honako hauek osatzen dute: Txema Pitarke (lehandakaria), Eustakio Arrojeria, Jesus Ugalde, Jose Mari Rodriguez, Xanti Goñi, Josu Waliño, Imanol Telleria, Jabi Duoandikoetxea, Itziar Laka, Rafa Bañales, Arantza Diaz de Ilarraza (UPV-EHUko Ixa Taldea), Cristina Alberdi (Tecnalia), Leire Barañano (Neiker-Tecnalia), Xabier Arregi (Usurbilgo Udala), Josu Madariaga (Eusko Jaurlaritza, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila), Amaia Esquisabel (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila) eta Mikel Irizar (Gipuzkoako Foru Aldundia).

Elhuyar fundazioaren kontuak onartzeaz gainera, fundazioak jabegoan dituen Elhuyar Zubize eta Eleka sozietate mugatuen kontuak ere ontzat eman ziren patronatuaren bileran.

Elhuyar taldeak emaitza parekatzea lortu zuen 2016an, baina, emaitza horretara iristeko, beharrezkoa izan zen langileen soldata-jaitsiera bere horretan mantentzea.

Elhuyarrek ia 5 milioi euroko sarrerak lortu zituen 2016an. Horietatik, % 73 produktu eta zerbitzuen salmentatik etorri zen, % 15 diru-laguntza lehiakorretatik, eta % 12, hitzarmen eta bazkidetzetatik.

Egitasmo ugarik ikusi zuten argia 2016an. Hauek dira, besteak beste, ekimen aipagarrienak: ikerketan, segida eman zitzaion ElkarOla proiektuari, hizkuntza-teknologian urteetan egindako lanarekin jarraituz,  eta sare neuronaletan oinarritutako itzulpen automatikoan murgiltzen hasi ginen; Elhuyarrek euskara-planetan 25 urte daramala ospatu genuen;  Egamaster enpresaren hiztegia landu genuen;  Collins-Elhuyar euskara-ingelesa eta ingelesa-euskara hiztegia kaleratu genuen;  zientziaren egunerokotasunari jarraitzeko Zientziapp aplikazioa plazaratu genuen, eta Zientziakide herritarren zientzia proiektuaren esperientzia pilotuari ekin genion.


Enpresa-mundua euskalduntzeko planetan 25 urteko ibilbidea ospatzeko ekitaldiko irudia (2016/11/16).

Zenbait datu ere izan ziren esanguratsuak 2016an: ikerketa eta garapeneko sei proiektutan ibili ginen; % 75 hazi zen gure webgune eta aplikazioen erabiltzaile-kopurua, eta Europako lau proiektutan ibili ginen buru-belarri.

Iazko ekimen esanguratsuenak 2016. urteko txostenean jaso ditugu, eta hemen ikus daitezke. 

Elhuyarrek garatzen dituen egitasmoak aurrera egin dezaten, ezinbestekoa zaigu erakunde eta enpresa laguntzaile zein norbanako bazkideen laguntza. Elhuyarrek norbanako 407 bazkide ditu, eta erakunde laguntzaile hauek ditugu bidaide: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Usurbilgo Udala. Enpresa laguntzaile gisa, bestalde, Kaiku kooperatiba, Maier kooperatiba, Tecnalia, NEIKER-Tecnalia, Danobat Group, Doilantegia kooperatiba, Eika, Irizar, Kide, Lagun Aro eta Ulma izan genituen bidelagun, 2016an.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan.

Izaro Aizpurua Arkauz
Elhuyar
Tfnoa: 943 363040 luzp.: 313