Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

EGA Master Hiztegiaren aurkezpena

2016.11.22-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

EGA Master enpresak hiztegi batean bildu du bere arloko terminologia, Elhuyarreko terminologia-adituen aholkularitzapean

Hiztegiak enpresaren arloko 2.700 kontzeptu biltzen ditu, zazpi hizkuntzatan, tartean euskara

Interneten edonork kontsultatzeko moduan dago hiztegia

 

Gasteiz, 2016ko azaroaren 22a

EGA Master SA enpresak, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko terminologia-adituen aholkularitzapean, EGA Master Hiztegi espezializatua osatu du, zazpi hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana, portugesa eta txinera. Gainera, horietako termino askok berariazko ordain bat dute Hispanoamerikarako.

Mundu mailan liderra da EGA Master arlo industrialean erabiltzen diren kalitate altuko erreminten fabrikazioan, eta bere katalogoko produktuen eta tresnen ezaugarriekin lotutako 2.700 kontzeptu inguru bildu ditu hiztegian, eta edonork kontsultatzeko moduan jarri Interneten, http://egamaster.elhuyar.eus/ helbidean.

Gaur goizean aurkeztu dute hiztegia, Gasteizen, Artium Museoan. Proiektuan parte hartu duten erakunde guztietako ordezkariak elkartu dira ekitaldian. EGA Masterren izenean, Iñaki Garmendia zuzendari nagusiak hitz egin du; Elhuyarretik, Garbiñe Alkiza Lopez de Samaniego hiztegiaren zuzendari teknikoak eman ditu azalpenak; eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ere esku hartu du prentsaurrekoan.

Nazioarteratzearen ondorioz, EGA Master bezalako enpresa batek etengabe sortu behar ditu termino berriak hizkuntza batean baino gehiagotan. Nabarmena da globalizazioaren aroak beste enpresa-errealitate baterantz garamatzala, eta horrek hainbat hizkuntzatan lan egitera behartzen duela enpresa. EGA Masterren jabetu dira estrategia linguistiko egoki bat izatea giltzarria dela lehiakortasunerako, bezeroengandik gertuago egoten laguntzen baitu.

Horregatik, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko terminologia-adituen aholkularitzapean, hiztegi hau sortu dute, eguneroko jardueran haientzat ohikoak diren terminoak bildu eta gizartearen esku jartzeko. Horrela, hiztegi hau beste sektore batzuetan ere baliatu ahal izango dute (itzulpengintza, kazetaritza, hezkuntza…). Bestalde, hiztegi hau euskararen normalizazioan ere lagungarri izango da, erreminten sektoreko terminologia finkatua duten beste hizkuntza batzuen pare jartzen baitu euskara.

Iñaki Garmendia EGA Masterreko zuzendariak azaldu duenez, “nazioarteko enpresa multinazional familiarra da proiektu honen bultzatzailea, hogeitaka hizkuntzatan lan egiten duen euskal enpresa bat. Eta hogeitaka hizkuntza horietako bat da euskara; ez gehiago eta ez gutxiago”. Bestalde, nabarmendu du EGA Master enpresa gasteiztarra dela eta aitzindaria izan dela, “honelako hiztegi bat moldatu duen lehena baita bere sektorean”.

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu duenez, “txalotzekoa da EGA Masterren ekimena, diru-laguntzarik gabe eta bere kasa osorik finantzatuta egin baitu euskararen erabilera sustatzeko lanabes hau”. “Mundu globalizatuan, hil edo bizikoa da enpresentzat nazioartekotzea, eta, nazioarteko merkatuetan lekua egiteko, beharrezkoak dira globalizazioaren hizkuntzak, baina EGA Masterrek erakusten du nazioartean puntakoa den enpresa batek euskarari lekua egiten diola bere kudeaketan”. Bestalde, Baztarrikak aipatu du hiztegi hau osagarri bikaina izango dela Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Euskararen Aholku Batzordeko Terminologia Batzordearen laguntzaz, orain arte argitaratu dituen 49 hiztegi terminologikoentzat; tartean, Makina-erreminta eta Zenbakizko kontrola hiztegiak.

Baztarrika jaunaren ondoren, Garbiñe Alkiza Elhuyarreko kideak hartu du hitza. Azpimarratu du Elhuyarrek terminologian eta hizkuntza-teknologietan duen ezagutza eta eskarmentua eskaini dizkiola EGA Masterren hiztegiari. “40 urtetik gora daramatzagu hiztegigintzan lanean, eta euskarazko hiztegi saldu eta kontsultatuenek gure zigilua daramate. EGA Master hiztegian, hiztegigintza-lanaz gain, hizkuntza-teknologietan dugun ezagutza ere ezinbesteko izan dugu”. Azkenik, hiztegiaren xehetasunak jakinarazi ditu. Hiztegiak EGA Master enpresako eta erreminten sektoreko 2.700 kontzeptu jasotzen ditu, zazpi hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana, portugesa eta txinera. Gainera, horietako termino askok berariazko ordain bat dute Hego Amerikarako. Eta interfazea bera ere zazpi hizkuntza horietan kontsultatu daiteke. Alkizak jakinarazi duenez, “erabilera-hiztegi bat da”, eta EGA Masterren dokumentazioan erabilitako terminoak hartu dituzte oinarritzat bilketa-lanerako: katalogoa, produktu-zerrendak, checking-listak... Nabarmendu du hiztegi honetan ezinbestekoak izan direla Elhuyarren hizkuntza-teknologiak, lana ahalik eta gehiena automatizatzeko, eta esan du prozesu osoan zehar EGA Masterreko adituek esku-hartze zuzena izan dutela.

Gogorarazi dute proiektu hau ez dela hemen bukatzen, eta garrantzitsua dela aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzea, normalizazioa eta terminologiaren bateratzea helburutzat harturik.

 

Informazio gehiago behar izanez gero,
jar zaitez harremanetan gurekin:

marketing01@egamaster.com / 945 29 00 01 (Izarne Quijano, EGA Master)
s.jauregi@elhuyar.com / 943 36 30 40 (Saroi Jauregi, Elhuyar)