Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Erasmus Plus COMBI proiektua abiatzeko bilera

2016.11.14-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

COMBI proiektuko lehen bilera izan berri dugu Frisia-ko (Herbehereak) Leeuwarden hirian, Europako beste lau herrialdetako bazkideekin batera. COMBI proiektua adinekoen zaintza-sektorean kokatua dago, eta helburua da erantzun metodologiko bat bilatzea lan-egoera elebidunetan diharduten langileak trebatzeko beraien eguneroko jardunean dituzten hizkuntza-behar espezifikoetan. Batez ere, langile migratzaileen beharrak hartuko dira kontuan. Proiektuak hiru urte iraungo ditu, eta hizkuntza-komunitate hauek hartuko dute parte: galesa, siziliera, suediera (Finlandiako suediar-hiztunen komunitatea), frisiera eta euskara.

Euskal Herriari dagokionez, Banaiz Bagara elkarteak eta Elhuyar Aholkularitzak hartuko dugu parte. Diziplina anitzeko hurbilketa erabiliko dugu lan egiteko, eta metodologia lantzeko unean egoera profesionalak, kulturalak, soziolinguistikoak eta politikoak hartuko ditugu kontuan. Aukera bikaina izango da Euskal Herriko esperientziak partekatu, besteenak ezagutu eta elkarrekin ikasteko. Izango duzue gure berri!