Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

PRENTSA-OHARRA: «Collins Elhuyar English Basque Dictionary euskara-ingelesa hiztegi» berriaren aurkezpena

2016.09.22-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Elhuyarren eta Collinsen elkarlanaren emaitza da hiztegia

Euskaldunek ingelesa zubi-hizkuntzarik gabe ikasteko baliabide berri bat

64.270 hiztegi-unitate, 86.150 adiera eta 21.400 adibide ditu;
eta ingelesezko nahiz euskarazko gramatika-eranskin bat ere badu

 

Usurbilen, 2016ko irailaren 22an

Collins Elhuyar English Basque Dictionary euskara-ingelesa hiztegi berria argitaratu du Elhuyarrek, Collins argitaletxearekin batera.

Gaur goizean aurkeztu dute hiztegia, Lasarte-Orian, Lasarte-Usurbil Bigarren Hezkuntzako Institutuan. Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusiak eta Elixabete Etxeberria Otaegi hiztegiko lantaldearen arduradunak eta Izaskun Odriozola Elduaien Lasarte-Usurbil BHIko ingeleseko irakasleak hartu dute parte aurkezpenean.

 

Ezkerretik eskuinera, Elixabete Etxeberria Otaegi, Izaskun Odriozola Elduaien eta Leire Cancio Orueta

Leire Cancio Oruetak azaldu duenez, Elhuyarrek 20 urte baino gehiago daramatza hiztegigintzan, eta ia sorreratik bertatik izan du argi euskal gizarteari hiztegigintzan egin beharreko ekarpena. «Hiztegiak interneten doan kontsultatzera ohitu garen garaiotan», Elhuyarrek ausart jokatu du, eta papereko hiztegi bat kaleratu. Hiru urteko lana izan da, eta «inbertsio handia egin behar izan du Elhuyarrek, diru-laguntzarik ezean hiztegien salmenta beste sarrerarik ez duen sektore batean». Canciok azaldu duenez, Elhuyarrena da euskara-gaztelania hiztegirik salduena, eta hiztegi berriak ere harrera bertsua izatea nahi lukete. Horretarako, kalitateko produktu bat egiten ahalegindu dira, «bidelagun ezin hobe batekin: HarperCollins Publishers argitaletxea».

Batez ere, D ereduan ingelesa euskaratik ikasten ari diren ikasleak izan ditu Elhuyarrek buruan hiztegi hau egiteko garaian, garrantzitsu jotzen baitute euskaldunek baliabideak izatea ingelesa «beste zubi-hizkuntza batzuetara jo beharrik gabe» ikasteko.

HarperCollins Publishers argitaletxea ez da izan aurkezpenean, baina hitz hauek bidali ditu idatziz: «Collins beti dago hizkuntzan gertatzen diren aldaketen abangoardian, eta aitzindari da, duela 40 urte baino gehiagotik, hiztegi elebidunen argitalpen-lanetan. Hori horrela, harro gaude horrelako proiektu batean Elhuyarrekin elkarlanean aritu izanaz behar-beharrezkoa zen ingelesa-euskara hiztegia egiteko. Espero dugu hiztegi hau balio handiko erreferentzia izatea ikasle eta profesionalentzat».

Ondoren, Izaskun Odriozola Elduaienek hartu du hitza, eta azpimarratu du pozgarria dela D ereduan dabiltzan ikasle eta irakasleentzat baliagarri den material berri oro. Ingelesa euskaratik irakasteko lagungarri izango delako ustea agertu du, eta esan du, gainera, Collins erreferentzia garrantzitsua dela ingelesaren irakaskuntzan.

Azkenik, hiztegiaren xehetasunak azaldu ditu Elixabete Etxeberria Otaegi hiztegiko lantaldearen arduradunak. Hiztegiaren ingelesa-euskara atala osatzeko, Collins Concise Spanish Dictionary hiztegian oinarritu dira, eta, Elhuyarren gainerako lanetan bezala, Hiztegi Batua ezinbesteko erreferentzia izan da lan honetarako ere. Azkenik, Euskara-Gaztelania/Castellano-Vasco Elhuyar Hiztegia aipatu du Etxeberriak: «sareko bertsioa (hiztegiak.elhuyar.eus gunekoa) etengabe eguneratzen dugu, eta erreferentziazko materiala izan da guretzat».

Etxeberriak azaldu duenez, hiztegia Elhuyarren egin da, baina etengabeko harremana izan dute HarperCollins Publishers argitaletxeko hiztegigileekin, eta Elhuyarren eginiko lan guztia berrikusi dute britainiarrek.

Elhuyarrek bazuen lehendik ere ingelesa-euskara hiztegi bat, 2007an argitaratua. Oraingo hau aurreko haren bikoitza da gutxi gorabehera. Sarrera gehiago eta landuagoak ditu, eta, hiztegiaren erdian, bi hizkuntzen alderdi gramatikalak biltzen dituen eranskin bat txertatu dute.

Hiztegiak 64.270 unitate ditu guztira, bi ataletan banatuta. Haietan, 86.150 adiera eta 21.400 adibide ageri dira.

Oraingoz, papereko edizioa baino ez dute egin, eta, jakinarazi dutenez, hiztegia sarean jartzeko eta eguneratzeko aukerak aztertzen ari dira.

Dagoeneko salgai dago hiztegia liburu-dendetan eta collins.elhuyar.eus helbidean.

Informazio gehiago behar izanez gero,
jar zaitez harremanetan gurekin:


Saroi Jauregi Aiestaran
Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia
tel.: 943 36 30 40
s.jauregi@elhuyar.com