Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

NEIKERek eta Elhuyarrek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute ikerketan euskararen erabilera bultzatzeko

2016.07.20-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Hitzarmenaren arabera, aurreikusi da lehen sektoreari buruz euskaraz egindako ikerketak saritzea, eta lehen sektoreko terminologia bilduko duen hiztegi bat egitea


Josu Ezkurdia, NEIKEReko zuzendari nagusia, eta Leire Cancio, Elhuyarreko zuzendari nagusia

Lehen sektoreko ikerketetan eta NEIKERen jardueran euskara bultzatzea da NEIKER Nekazaritzaren Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak eta Elhuyar Fundazioak sinatu berri duten lankidetza-hitzarmenaren helburu nagusia.

Aurreikusitako jardueretako bat da lehen sektorearekin lotuta euskaraz egindako ikerketak saritzea. Horretarako, lehen sektoreko eta euskalgintzako lagun garrantzitsuz osatutako epaimahai aditu bat hautatuko dute NEIKERek eta Elhuyarrek.

Hitzarmenaren beste helburuetako bat da lehen sektoreko terminologia bilduko duen hiztegi bat egitea. Bi zentroen lan-esparruak elkarren osagarri dira, zalantzarik gabe, nekazaritzarekin eta abeltzantzarekin, besteak beste, lotutako terminoen erabilera normalizatuko duen hiztegi bat sortzeko.

Era metodologiko batean eta kontrol semantiko zorrotzei jarraituz bildu behar diren termino eta adierazpidetan aberatsa da lehen sektorea. Elhuyarrek hiztegia diseinatuko du; zenbait hizkuntzatako adierazpideak bilduko ditu, eta edukiak kudeatuko ditu, hiztegia lehen sektoreko terminologia teknikoaren erreferente bilaka dadin. NEIKERek, bere aldetik, sektorearen inguruan duen jakintza zientifikoa eta teknikoa jarriko du.

Hitzarmen honen bidez, Elhuyar Fundazioaren bazkide bihurtuko da NEIKER, eta haren Patronatuko kide izango da, gizartean zientzia eta teknologia integratzearen eta euskararen normalizazioa lortzearen alde lan egiteko.

Hitzarmenaren arabera, bestalde, NEIKERek bere erakundean euskararen erabilera sustatzeko martxan jarriko dituen ekintzen inguruko aholkularitza emango dio Elhuyarrek. Azkenik, nekazaritzaren ikerketa-institutuaren webguneko euskarazko eta ingelesezko edukiak berrikusteko ardura izango du fundazioak. Hitzarmena Josu Ezkurdia NEIKEReko zuzendari nagusiak eta Leire Cancio Elhuyarreko zuendari nagusiak sinatu dute.


Leire Cancio, Elhuyarreko zuzendari nagusia, eta Josu Ezkurdia, NEIKEReko zuzendari nagusia

NEIKER, erreferentziazko zentroa lehen sektorearentzat

NEIKERek, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren enpresa publikoak, honako helburu hauek ditu I+Grako: nekazaritza-ekoizpeneko sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea; ustiategiak kudeatzeko teknologia berriak garatzea eta aplikatzea; eta kalitate-betekizunak betetzea nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko industriarako, bereizgarriak dituzten produktuetarako eta kontsumitzailearentzat, oro har.

Elhuyar, euskara sustatzea zientzian eta teknologian

Elhuyarren xedea da euskara zientziaren eta teknologiaren esparruan sendotzea, bai eta gizartean ere, oro har; halaber, alor berriak garatzea, euskal hiztunen komunitate aktibo eta kritikoa sortzeko helburuarekin. Horretarako, Elhuyarrek zientziaren eta teknologiaren arloan dibulgazioko, ikerketako, garapeneko eta berrikuntzako ekintzak egiten eta bultzatzen ditu, bai eta euskararen garapen osoaren arloan ere —hala normalizazioari dagokionez, nola estandarizazioari dagokionez—, eta aholkularitza-, dibulgazio-, ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak egiten eta bultzatzen ditu gizarte eleanitz baten testuinguruan.

Informazio gehiago:

Izaro Aizpurua Arkauz
Elhuyar
tel.: 943 363040
i.aizpurua@elhuyar.com