Cookie-n erabilera. Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie politika.

Genero-ikuspegia zientzien irakaskuntzan integratzeko mintegi pilotua antolatu du Elhuyarrek Eibarren

2016.01.26-(e)n argitaratua Noticias-(e)n kategorian

Hogeita hamar irakasle bildu ditu gaur Elhuyar Fundazioak Eibarko Berritzegunean, zientzia eta teknologiaren hezkuntza eraberritzeko STING europar proiektuaren testuinguruan. Saioa Elhuyarrek koordinatzen duen eta Europako zortzi erakunderen artean prestatu dute.


Irakasleak, trebakuntza jasotzen, Elhuyarreko kideekin batera. ARG: Elhuyar

STING proiektua (STEM teacher training Innovation for gender balance) iaz abiatu zen Elhuyar Fundazioa buru duela, eta zientziaren irakaskuntzan eta generoan aditu diren lau unibertsitate eta zientzia-museok hartzen dute parte. Irakasleak trebatzeko programa honen helburua da zientzia-, teknologia- eta matematika-irakasleek neska-mutilei ematen dieten irakaskuntza erakargarriagoa nola egin hausnartzea eta zientzia-irakasleei horri buruzko trebakuntza eta baliabideak eskaintzea.

Gaurko saioa STING proiektuaren lehen pilotoa da, eta 10-16 urte bitarteko ikasleak dituzten hezitzaileen parte-hartzearekin burutu da. Egunean zehar, zientzia, teknologia eta matematika irakasteko praktikak hobetzeko proposamenak azaleratu dira, ikerketa pedagogikoetatik zein irakasleen hezkuntza-esperientziatik abiatuta.

Horretarako, hiru fasetan banatutako prozesua egin dute: generoaren kontzientzia hartzeko ariketak lehenik, eremu horretako azken ikerketa eta esperientziekin jabetzea bigarrenik, eta horiek norbere gelara nola eraman lantzea hirugarrenik. Besteak beste, generoari, zientziari eta zientzialariei buruzko estereotipoak mahaigaineratu dira, nesken eta mutilen zientzia-bokazioetan eragiten duten faktoreez jardun dira, eta gazteen ikaskutzan eragiten dituzten gela barruko eta kanpoko faktoreak azaldu  dira.

Nesken eta mutilen arteko jauzia gainditu nahian

Danel Solabarrieta proiektuaren koordinatzailearen hitzetan, “zientzia- eta teknologia-gaien irakaskuntzan ere generoa lantzeari garrantzi handia ematen diogu Elhuyarretik. Izan ere, zientziarara hurbiltzean jauzia ikusten baita nesken eta mutilen artean, eta irakasleen eta irakaskuntza-sistemaren jardunak jauzi hori eraldatzerik izango ote lukeen aztertu nahi dugu”.

Zientzia-, teknologia- eta matematika-gaietan hezkuntza hobetzeak bi helburu ditu; batetik, zientzia eta teknologiaren eremu profesionalean emakumeen presentzia berdintasun-egoerara hurbiltzea eta gai horietarako gazteen zientzia-bokazioak handitzea gizartean ditugun erronkei aurre egiten laguntzeko.

Trebakuntza-programa hau Europako zortzi herrialdetan gauzatzen ari da, eta bertan parte-hartzen ari diren irakasleen iruzkinekin osatuko dute proiektua egiten ari diren erakundeek, ekainerako bigarren trebakuntza bat prestatzeko.


STING proiektuaren lehen pilotuan parte hartu duten irakasleak, lanean. ARG: Elhuyar.