Mitzuli: mugikorra itzultzaile bihurtzeko doako aplikazioa
Posted on 08.05.2015 in the Notas de prensa category
50 itzulpen-noranzkotan baino gehiagotan itzultzen duen software librea
Testu idatzia, audioa eta irudiak itzultzen ditu
Usurbil, 2015eko maiatzaren 8a
Mitzuli izeneko aplikazioa sortu du Mikel Artetxe EHUko IXA Taldeko ikertzaile zarauztarrak, Elhuyarren laguntza eta babesarekin.
Androiderako itzultzaile automatiko bat da Mitzuli, eta 50 itzulpen-noranzko baino gehiago eskaintzen ditu; haien artean, protagonismo berezia dute baliabide urriko hizkuntzek, izaera komertzialeko produktuek albo batera utzi ohi dituztenek. Horren erakusgarri, tartean dira Iberiar penintsulako hizkuntza gehienak: portugesa, gaztelania, katalana, galiziera, asturiera, aragoiera, okzitaniera eta, nola ez, euskara.
Testu bidezko itzulpena ez ezik, Mitzulik ahots bidezko sarrera/irteera ere eskaintzen du. Baita irudi bidezkoa ere; hala, aski da kartel bati argazki bat ateratzea, adibidez, eta Mitzuliri karteleko testua itzultzeko eskatzea.
Mitzulik sarean nahiz saretik kanpo lan egiten du, eta software librea da. Dagoeneko deskargatzeko moduan dago Google Playn, doan.
Informazio gehiago:
- www.mitzuli.com/eu
- http://zuzeu.eus/2015/05/05/mitzuli-androiderako-itzultzaile-librea/
- http://sustatu.eus/artetxem/1430830882
Saroi Jauregi Aiestaran
Elhuyar
tel.: 943 36 30 40